Bermeok sastar-batze tasaren aldaketa onartu du
Astearte honetan goizean, urriaren 22an, egindako ezohiko osoko bilkuran, Bermeoko Udalak hurrengo ekitaldirako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu. Modu horretara, 2025. urterako Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) arautzen duen ordenantza fiskalean aldaketak egitea onartu da gehiengo osoz, EH Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin; EAJk aurka bozkatu du. Era berean, sastar-batze tasaren aldaketa, aho batez onartu da, Bermeoko Udala osatzen duten hiru alderdien artean, hiru urterako akordioa egon baita.
Gogoratu dute datorren urtean indarrean sartzen dela zabor-tasari buruzko 7/2022 lege-agindua. Lege horrek dio sastar-batze eta hondakinen kudeaketaren kostu guztiak bermatu edo estali behar direla tasarekin, eta sastar batzearen tasa sortutako hondakinen arabera ordaintzekoa izan beharko litzatekeela. Gaur egun, sastar-batze tasatik lortzen diren diru-sarrerak “ez dira nahikoak” sastar-batze eta hondakinen kudeaketaren kostu osoa estaltzeko; kostua osotasunean estaltzeko, igoera %31,9 izan beharko litzateke. Horregatik, uste dute, igoera “beharrezkoa” dela. Hala ere, hiru alderdiek egoera aztertu dute, eta egin beharreko igoera hori modu mailakatuan egitea adostu dute. Hortaz, 2025ean sastar batze tasa, %24 igotzea adostu da.
Igoera hondakin gehien sortzen dutenentzat da, legearen espirituari jarraituta. Kontuan hartu dira:
- Tasarik ez igotzea hondakin gutxi sortzen dutenei.
- VTeentzako epigrafe bat sortu da, horiei sastar-batze tasa gutxiengoa igota (berariazko zerga edo tasarik ordaintzen ez duten aktibitate ekonomiko bat dira).
“Sastar-batze tasaren ordenantza gaitasun ekonomikoan oinarrituta dago hein handi batean, eta ez, ordea, hondakinen sorreran. Legeak agindutakoa betetzeko bide luzea daukagu aurretik, bai gure ordenantzak egokitzeko, bai sortzen dugun hondakin-kopurua jaisteko, sortzen dena berrerabiltzeko eta birziklatzeko”, aipatzen dute hiru alderdiek sinatutako akordioan.
Hori horrela, 7/2022 Legearen helburuak lortzeko, Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek hurrengo puntuak adostu dituzte:
- Tasaren igoera mailakatua egitea, hiru urtean kostua estaltzera heltzeko.
- Igoera ez aplikatzea, teorian behintzat, hondakin gutxi sortzen dutenei eta dagoeneko tasa altua ezarrita dutenei.
- Ordenantza berritzeko lanketa hastea eta, horretarako, epigrafe bakoitzari dagokion tipoa aztertu eta egin beharreko aldaketak egitea, hiru urtean legearen espiritura hurreratzeko.
- Organikoaren bilketari bultzada ematea:
- Kanpaina bat egitea organikoaren bilketa bultzatzeko.
- Ostalariak, tabernak eta jatetxeak organikoaren bilketan sartzeko lanketa berezi bat egitea.
- Edukiontziak egoera onean mantentzeko eta berriro ere giltzak martxan jartzeko egin beharreko mantentze- edo berritze-lanak egitea.
- Hondakinen sorreraren araberako ordainketara heltzeko pausoak ematea.
- Gaur eguneko edukiontzien renting-a amaitzen denean, kontratu berria ateratzea, betiere, kontuan izanik edukiontzi berriak egokituta egon beharko direla aukera eman dezaten hondakinen sorreraren araberako ordainketa bat egituratzeko.
- Sistema hori martxan jarri ahal izateko behar diren azpiegitura eta baliabideen azterketa eta lanketa egiten hastea.
- Akordioaren jarraipen-bilerak egitea dagozkion teknikariekin sei hilabeterik behin.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea “oso pozik” agertu da akordiora iristeko egindako elkarlanarekin: “Eskerrak eman gura dizkizuet, guretzat, eta batez ere, niretzat garrantzitsua delako akordio hau. Uste dut politika dela, batzen gaituena bilatzea”.
OHGZ
Bestetik, 2025. urterako Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) arautzen duen ordenantza fiskalean aldaketak egitea onartu da. Bizkaiko Foru Aldundiko Katastro Sailak Ondasun Higiezinen balioen eguneraketa egin du, eta herriko balio katastralak %15 jaitsi dira. Murrizketa horrek zuzenean eragiten dio OHGZri, eta hortaz, zerga guztiak berrikusi behar izan direla nabarmendu du Bermeoko alkateak: “Zergen berrikuspena zerbitzuak mantentzeko eta bermeotarren ongizatea bermatzeko asmoz egin dugu, eta hortaz, honakoak izan ditugu kontuan: komertzioetan tipoak ez ukitu, kontuan hartuta zein den gure herriko komertzio txikien egoera; landa tipoak ez ukitu; etxebizitzen tipoak gutxiengoa igo (katastroaren jaitsiera kontuan hartuta, herritarren %71ek iaz baino gutxiago ordainduko dute); igoera handiena aplikatuko zaie enpresa handiei”.
Hortaz, zergen berrikuspena “ikuspuntu soziala” kontuan hartuta, eta “herriaren alde” egin dela aipatu du alkateak: “Tipo orokorrokoek, hau da, herritarren kolektiboak eta komertzioek, orokorrean, iaz baino gutxiago ordainduko dute”.
Horrez gain, hobarietan ere aldaketak onartu dira. Hala, ordenantza fiskaletan zerga-kuotaren %50era arteko hobaria jaso ahalko dute Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Hutsen Programarekin (Alokabide) bat egiten duten herriko etxebizitza hutsek; %30ekoa zen hobaria, eta 2025etik aurrera %50ekoa izango da, araudian agertzen den gehiengoa.
“Iaz, ahultasun egoeran dauden familientzako eta familia ugarientzako hobariak onartu genituen. Aurten, gure helburuekin bat eginda, honako beste hobari hau dakargu, jakin badakigulako Bermeon arazoak daudela etxebizitzekin, batez ere, alokairuarekin. Buru-belarri gabiltza lanean, neurri desberdinak aztertzen, eta hau da hartu dugun neurrietako bat. Etxe hutsak dituzten herritarrak animatu gura ditugu, etxe horiek alokairu sozialera bideratzen”, azaldu du Bermeoko alkateak.
Urtea amaitu orduko, 2025eko aurrekontua onartu gura da, eta lanean hasita daudela aipatu du alkateak; horretarako ere, elkarlanean aritzeko eskua luzatu die EAJko zinegotziei.
Temas
Más en Bizkaia
-
Bilbao recuerda a la pionera Ana María Lajusticia
-
Bilboko udalak udaltzaingoaren 181. urteurrena ospatu du arabiar aretoan egindako ekitaldi instituzional batean
-
Sala de crisis, calabozos, galería de tiro: la Policía Municipal de Bilbao muestra sus entrañas con motivo de su aniversario
-
Desembalaje, el rincón del jugón vintage