Datozen egunetan Busturian ere hasiko dira elkartzen berbalagunak, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, ikasturte honetan, 103 herritan, hain zuzen ere.
Euskara ZU zara lelopean ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dute, eta bereziki, mintzapraktika programetako parte-hartzaileek jokatzen duten papera “egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok” azpimarratu dute kanpaina berriaren arduradunek.
Busturian Berbalagun egitasmoan parte hartuko duten pertsonak taldeka bilduko dira euskaraz hitz egiteko, bakoitzaren zaletasunen arabera. Programa honen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko. Gogoratzen duten bezala “Berbalagun programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo”.
Euskaraz praktikatzeko jardueraz gain, beste ekintza batzuk ere egongo dira aurtengo ikasturtearen zehar. Horietariko bat “Jakin badakigu” lehiaketa izango da aurreko urteetan ere martxan egon zena eta orain arte hainbat herritarrek parte hartu dute lehiaketan, hori dela eta aurten ere horrela izatea espero dute antolatzaileek. Irteerak eta ekintza osagarriak ere egongo dira Busturian, taldetan modu atsegin eta erosoan euskaraz bizitzeko.
Eta guzti horrekin batera familientzako Gurasolagun taldeak sortzen ere saiatuko dira Busturiako arduradunek jolas, txango eta tailerrak egiteko, helduek eta umeek aukera izan dezaten euskaraz elkarrekin aritzeko. Azkenik, azaroan online-taldeak ere abiatuko dira.
AEKren Praktikatu zerbitzua 2005etik dago martxan mintzapraktika egitasmoak antolatzen eta euskarazko harreman sare berriak sortzen ekintza osagarrien bidez, hala nola asteburuko egonaldiak, udako ibiltariak edota zaletasunen araberako interes-taldeak antolatuta.
“Garrantzitsua da azpimarratzea AEKren Praktikatu zerbitzuaren kanpaina honetan parte-hartzea doakoa dala, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete” gaineratu dute aurtengo arduradunek.
Programa honetan izena emateko bi modu daude emanizena.praktikatu.eus webgunearen bitartez edota 607609580 telefonora eta whatsappez mezu bat bidaliz.