Getxo Eszena programak hamahiru ikuskizunez osatutako egitaraua garatuko du ostegun honetatik urriaren 24ra arte, bere 42. urteurrenean. Oraingoan, antzerki eta dantza lanak programatu dira, baita errezitaldi poetiko-musikal bat ere, haurrei zuzendutako hainbat lanekin batera. Ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Getxo Kulturako ohiko saltokietan.
Programazioa hilaren 3an hasiko da, “Moor Krad” lanaren eskutik, hiriko erritmoak protagonista dituen Ertza konpainiaren dantza pieza. Ondoren, ostiralean, hilak 4, “Confines” Muxikebarriren koprodukzioa izango da, Pablo Viarrek zuzenduta eta Eguzki Zubiak eta Txubio Fernández de Jáureguik antzeztua. Lan horretan, identitatearen kontzeptua, aurrerapen zientifikoa eta errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak jorratzen dira, besteak beste. Hurrengo egunean, hilaren 5ean, larunbata, “Forever” ikuskizuna eskainiko du Kulunka Teatrok. Bi MAX 2024 sari irabazi ditu horrek Zuzendaritza Onenaren eta Egile Onenaren kategorietan eta, poesiatik, umoretik eta ironiatik abiatuta, inkomunikazioa nagusi den familia baten istorioa kontatzen du, aldi berean, beste gai batzuetara hurbiltzen dela, hala nola hezkuntza, desgaitasuna eta sexualitatea. Igandean, hilak 6, amaituko da lehenengo asteburuko eskaintza “Mamuak ezagutzera joan zen umea” Anodino Teatroaren haurrentzako muntaiaren eskutik.
Hilaren 10ean, “Tierra de nadie” Eva Guerrerok zuzendutako dantza lanarekin itzuliko da zikloa. Biharamunean, urriaren 11n, “Artea” Txaloren euskarazko lanaren txanda izango da. Bertan, Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak hiru laguni bizitza emango diete. Hurrengo egunean, hilak 12, “Mosaïque” dantza neoklasikoko ikuskizuna eskainiko du Malandain Ballet Biarritz konpainia ospetsuak, Mozart, Saint-Saëns, Chopin, Tchaikovsky eta Ravelen musikarekin. Azkenik, igandean, hilak 13, Pepón Nieto Getxon arituko da, “La comedia de los errores” Shakespeareren obra ezagunaren egokitzapen librea eskaintzeko. Horretan, etengabeko erritmo zoroan, sei aktorek hamabi pertsonaia antzeztuko dituzte.
Azken astean “Emakume baten borroka eta metamorfosia” (hilak 18) eta “El alcalde de Zalamea” (hilak 19) antzezkizunak izango dira Muxikebarrin. Lehenengoak sexu-abusuak eta abusu psikologikoak jorratzen ditu, eta bigarrenak, berriz, Calderón de la Barcaren klasikoetako bat. Igandean, hilak 20, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunek “Ez gara jaitsiko” aurkeztuko dute eta, azkenik, hilaren 24an, Emilio Gutiérrez Caba aktore ezagunak “Coplas del alma” errezitaldi poetiko-musikala egingo du. Luis Santanak pianoan lagunduta, San Juan de la Cruz, Santa Teresa de Jesús, Antonio Machado eta Federico García Lorcaren poemak errezitatuko ditu, besteak beste.