Amaitu berri den hondartzen denboraldi ofizialaren ostean, balantzea egiteko garaia da. Getxoko Udalak oso esperientzia positiboa izan du aurten Ereagako pasealekuan zerbitzuan izan duen aldagela inklusiboarekin, eta datorren udan esperientzia pilotu hori errepikatzea erabaki du.

Mota honetako aldagela inklusiboen helburua pertsona guztien duintasuna eta pribatutasuna errespetatzea da; izan ere, jarduera pertsonalak egitea, hala nola pixoihalak aldatzea edo beste behar berezi batzuk egitea esperientzia deseroso eta lotsagarria ez izatea ziurtatzen duelako, komun bat era erraz, autonomo eta duinean erabili ahal izateko beharrezkoak diren oinarrizko tresnak erraztuz. 

Higienean laguntza-premia handiak edo konplexuak dituzten eta laguntzeko bi pertsonaren arteko beharra duten herritarrentzako aldagela inklusiboa Udalak kokatu du, Aldagela Inklusiboak Koordinatzeko Elkartearen (ACCI) laguntzarekin. Guztira 345 erabilera izan ditu, erabilpen handiagorekin abuztuan, esate baterako bigarren astean 46rekin, eta hondartzara pertsona gutxi hurbiltzea eragin zuten tenperatura baxuko asteetan erabilpen gutxiagorekin. "Zerbitzuaren erabilera orokorrak erakutsi du espazio horiek gero eta gehiago onartzen direla, eta, beraz, funtsezkoa dela horien erabilera sustatzen jarraitzea, erabiltzaile guztiak eroso eta ondo zainduta senti daitezen bermatzeko", nabarmendu du Janire Ocio, Azpiegitura, Lan eta Zerbitzuetako zinegotziak. 

Bestalde, mugikortasun murriztua duten erabiltzaile batzuek beren iritzia eman dute eta instalazioa eskertu dute "bizitza errazagoa eta erosoagoa egin digulako; aldatzeko eta gure beharrak duintasunez egin ahal izateko baldintza egokiak eskaini dizkigulako, erabilera bikain eta ulerterrazarekin. Pribilegio bat izan da Ereagan zerbitzua izatea ". 

Aldagailua 6 x 2,5 metroko modulu bat izan da, sartzeko arrapalarekin, eta altueran erregula daitekeen ohatila bat, sabaiko garabi bat, dutxako eserleku bat, ostomizatutako pertsonentzako komun bat, eta altueran erregula daitezkeen konketa eta komunontziarekin.