Urtero bezala, Durangoko Udalak bat egingo du datorren asteartean, irailaren 10ean, mundu osoan ospatuko den Suizidioa Prebenitzeko egunarekin. Horren inguruan hainbat kanpaina eta ekimen garatuko dira Durangon hilabete osoan zehar.
Urtemuga hau 2003an ezarri zuten Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Elkarteak (IASP). Urtero lelo bat planteatzen da, prebentziorako funtsezko ideiaren bat bereziki azpimarratuz. 2024rako leloa hauxe da: “Suizidioari buruzko narratiba aldatuz”.
Udalertik nabarmendu dutenez, "helburua da, ekimen ezberdinen bidez, gizarte solidarioagoa eta ulerkorragoa eraikitzea. Elkarlanean, suizidioaren prebentzioari lehentasuna eman diezaiokegu eta horrela, laguntza behar duenari iritsiko zaiola bermatu. Suizidioak denoi eragin diezaguke. Kontzientzia sortzean, estigma murriztean eta ekintza sustatzean, mundu osoan suizidio kasuak murrizten lagun dezakegu; isiltasunaren eta estigmaren kulturatik irekitasunaren, ulermenaren eta babesaren kulturara pasatzea da lortu nahi duguna".
Durangoko Udalak kanpaina bat antolatu du suizidioaren gaia ikusarazteko. Kartelak jarriko dira herriko hainbat puntutan eta, gainera, Durango Irratiak Psikologia Kalean jardunaldien harira Lorena Martin psikologia durangarrari egindako elkarrizketa emango du berriro.
Bide batez, 024 telefonoa gogorarazi nahi dugu, Osasun Ministerioaren jokabide suizidari arreta ematekoa hain zuzen ere. Pentsamendu, ideia edo jokabide suizidak izateko arriskua duten pertsonei eta haien senide eta hurbilekoei laguntzeko.