Ostegun honeta goizean Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok prentsaurrekoan azaldu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak 1,6 milioi euroko aurrekontua bideratuko du lurraldeko industriaren deskarbonizazioa bultzatzea ahalbidetuko duen Trantsizio berderako programa berrian.
Helburua da, industriako eta zerbitzu aurreratuetako enpresa txiki eta ertainei -5 eta 250 pertsona bitarteko plantilla dutenei-, deskarbonizazio-prozesuetan, teknologia garbiak eta ekonomia zirkularreko proiektuak erabiltzen laguntzea, ingurumen-inpaktu txikiko ekoizpen- eta kontsumo-eredu baten alde egin dezaten.
"Klima-larrialdiko egoera baten aurrean gaude, eta gure enpresek beren negozio-ereduak iraunkortasunerantz egokitu behar dituzte" azpimarratu du Basurkok. "Programa hau funtsezko tresna da Bizkaiko ETEei laguntzeko beren aztarna ekologikoa murrizten, energia-eraginkortasuna hobetzen eta, azken batean, beren lehiakortasuna indartzen, ingurumenarekiko errespetuaren aurrean gero eta zorrotzagoa jokatzen duen merkatu batean."
Hiru jarduera-lerro: neurketa, inbertsio berdeak eta ekonomia zirkularra
Laguntza-multzo berri horretarako eskabideak aurkezteko epea datorren astelehenean irekiko da, irailaren 9an, eta hilabete bereko 27an amaituko da. Programak hiru jardun-lerro izango ditu:
- Ingurumen-inpaktua neurtzea, 400.000 euroko aurrekontuarekin.
Lerro honetako laguntzak lehia askeko prozeduraren bidez emango dira, enpresaren, zerbitzuaren edo produktuaren hainbat esparrutan ingurumen-inpaktua monitorizatzeko proiektuak babestearren. Neurketa horrek datu baliotsuak eman beharko dizkie nahitaez enpresei, urratsak berriro bideratu ahal izateko, ingurumen-inpaktua murritz dezaten. Enpresek zuzeneko dirulaguntzak jaso ditzakete proiektu bakoitzeko, 10.000 eurokoak ere izan daitezkeenak.
- 800.000 euroko inbertsio berdeak, enpresen ingurumen-inpaktua murrizten duten proiektuetarako.
ETEek 100.000 euro jaso ahal izango dituzte, gehienez, autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko instalazioetarako, iturri berriztagarrietako energia kontsumitzen duten ekipamenduetarako, Teknologia Garbien Euskal Zerrendako teknologietako bat erabiltzen duten instalazioetarako, energia eta baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzen dituzten instalazioetarako eta energia-eskaria kudeatzeko sistema integralak ezartzeko.
- 3. Ingurumen-berrikuntzaren eta ekonomia zirkularraren aldeko 400.000 euro, berrikuntza iraunkorreko proiektuak sustatzeko.
Erakunde eskatzaile bakoitzak 140.000 euro arteko laguntzak jaso ditzake, eta produktu/zerbitzu, prozesu nahiz negozio-ereduetako ingurumen-berrikuntzak sustatuko ditu.
Trantsizio berderako programa enpresa hauei zuzentzen zaie bereziki: jarduera nagusitzat industria, eraikuntza, garraioak, industriari lotutako zerbitzuak, turismoa eta handizkako merkataritza dituztenei. Proiektuak garatzeko beharrezkoak diren kanpoko zein barneko inbertsioak eta gastuak babesten ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak, zuzeneko laguntzen programa berritzaile horrekin berretsi egiten du ekonomia jasangarri eta lehiakorrarekin duen konpromisoa, eta lurraldeko enpresak bultzatzen ditu klima-neutraltasunerako nahiz energia-eraginkortasunerako bidean.