Galdakaoko Udalak koadrila jaitsierarako izen emate epea ireki du Santa Kurtza jaietan egongo den koadrila lehiaketa hain berezi honetan. Galdakoztarrentzat hain egun koloretsua eta alaia den egun honetan izen emateko epea irailaren 4tik 11ra egongo da zabalik eta Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan egin behar da. Irekiera ordutegia atelehenetik ostiralera da, 8:30etatik 14:30etara.
Iaz `Ohiko txapelketa´ edo `Txapelketa ttipia´ modalitatea sartu ondoren, 2024ko Santa Kurtzak jaietan hiru txapelketa egongo dira kuadrillentzat:
1. Koadrilen XXII. Lehiaketa. 32 proba izango ditu ohiko formatuan.
2. II. Txapelketa ttipia. Proba gutxiago izango ditu, 7 bakarrik, eta lasaiagoak.
3. Gazte kuadrillen txapelketa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.
Kuadrilla bakoitzak hiru lehiaketetako batean soilik eman ahal izango du izena, eta gutxienez 16 urtetik gorako 4 pertsonak osatu beharko dute, Gazte kuadrillen lehiaketan izan ezik, 12 eta 16 urte bitartekoak izan beharko baitute. Probetan, kuadrillaren jantzi edo kamiseta bereizgarria eraman beharko dute kideek.
Probetan parte hartzearren puntuak banatuko dira, eta sailkapenaren arabera, honako puntuak:
1. postua: 25 puntu
2. postua: 20 puntu
3. portua: 15 puntu
4. postua: 10 puntu
5. postua: 5 puntu
Sariak, lehiaketaren oinarriak eta proben eguneroko emaitzak galdakao.eus webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean argitaratuko dira.
Limoi saria
Kuadrillen arteko hiru txapelketa horiez gain, aurten `Limoi Saria´ banatuko da,hau da, proba guztietan, antolakuntzak limoi bat edo gehiago banatu ahal izango dizkie lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak dituztenei: Aurrez ezarritako arauak ez betetzea, jarrera edo adierazpen diskriminatzaileak edo errespetu gabekoak izatea beste parte hartzaileekin, antolatzaileekin edo epaimahaiarekin, epaimahaiaren iritzia ez errespetatzea, tranpak egitea…
Limoi gehien batzen dituen koadrilak eramango du limoi saria, 25 punturekin zigortuko duena datorren urteko kuadrillen lehiaketan, eta irabazten diren sariak erdira murriztuko ditu. Zigor horiek hein handi batean murriztu ahal izango dira sari banaketako azken egunean (irailaren 22an) Kurtzeko karparen agertokian jasotako limoien zuku guztia edaten bada.
Partehartze dekalogoa
Txapelketa antolatzen duten elkarte eta kuadrillak ez dute aipatu gabe utzi nahi, lehiaz haratago doazela jaiak eta aurtengo txapelketa errespetuz bizi nahi dugula. Hau bete dadin, ondoren partekatzen dugun txapelketan kontuan izateko dekalogoa egin dute, txapelketa harrotasunez gozatzen jarraitzeko:
1. ONDO PASATU: irri egin eta disfrutatu.
2. ERRESPETUA IZAN: Pertsona orok dugu eroso egoteko eskubidea
3. OSASUNTSU LEHIATU: Irabaztea ez da garrantzitsuena
4. HARRO EGON: Harro egoteko moduko txapelketa daukagu
5. ELKARLANEAN ARITU: denon artean eta boluntarioki egiten dugu posible
6. ENPATIA IZAN: zaindu zu zaindua izan nahiko zenukeen bezala
7. ANIMATU ETA ZORIONDU
8. EREDU IZAN
9. KONFIANTZA IZAN: Konfiantza izan antolakuntzan
10. ULERKORRA IZAN: Arazoen aurrean entzule izango gara
Kuadrillen desfilea
Azkenik, aipatu beharra dago jaiei hasiera emango dien pregoia eta txupinazoaren aurretik, kuadrillen igoera tradizionala egingo dela. Ordena hau izango da:
1. `Gazte kuadrillak ' txapelketako taldeak
2. Iaz kuadrilla txapelketa irabazi zuen kuadrilla
3- Gainerako koadrilak, zozketaz aukeratutako ordenan
Gainera, iaz izandako pilaketak eta atzerapenak saihesteko, desfilearen arauetan, besteak beste, kuadrilla bakoitzeko ordezkari gisa gehienez 60 pertsonara mugatu da kopurua.
Desfilean gai hauek baloratuko ditu epaimahaiak 1-10 bitartean bere iritziaren arabera:
1. Mozorro janzkera
2. Karroza
3. Musika
4. Dantza
5. Jendearekiko harremana
Galdakaoko Udalak herriko kuadrilla guztiak animatu ditu lehiaketetan parte hartzera eta jai giroan taldean gozatzera.