Síguenos en redes sociales:

Gernikak doako gaueko autobusa aktibatuko du berriro jaietan

Gernika-Lumoko Udalak eraso matxistei aurre egin nahi die jaietan, eta horretarako hainbat neurri hartu ditu. hala, 'Jaietan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa' idazteaz gain, doako gaueko autobusa aktibatuko du berriro.

Protokolo horretan, Berdintasunerako Udal Zerbitzuak, Udaltzaingoak, Mugimendu Feministak eta jaien antolaketan inplikatutako gizarte-eragileek parte hartu dute. Kasu bat gertatuz gero, premiazko jarduera egingo da, eta erasotuei arreta pertsonala, jarraitua, espezializatua, integrala eta koordinatua emango zaie.

Puntu morea

Halaber, Lurgorriko jaietatik aurrera, abuztuaren 10ean, eta Andra Mari eta San Roke jaietan (abuztuaren 14tik 17ra), Udalak informazio-gune bat jarriko du karpa batean, eraso matxistei aurre egiteko. Emakumeak eta LGTBI kolektiboko pertsonak elkartzeko eta laguntzeko guneetara joan ahal izango dira, eta genero-indarkeriaren arloan esperientzia duten psikologoek artatuko dituzte. Gune horiek Lurgorri auzoan eta txosna gunean egongo dira herriko jaietan.

"Ekimenaren helburua da komunitatea indarkeria matxistaren eta LGTBIren aurkako borrokan inplikatzea, erasoen aurrean behar bezala jarduteko funtsezko informazioa emanez. Biktima batek edozein jazarpen mota salatzea erabakitzen badu, protokolo espezifikoa aplikatzeko gaitasuna duten langileek artatuko dute puntu horretan ", Nerea Revuelta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez.

Busa, eskatutako geldialdiarekin

Gernika-Lumoko Udalak, Berdintasun Sailetik, Andra Mari eta San Roke jaietan Bidebusaren gaueko zerbitzua jarriko du martxan berriro. Zerbitzua abuztuaren 14tik 17ra eskainiko da, 22:00etatik 06:00etara, orduro, honako ibilbide honekin: Autobus geltokia, Ospitalea, Lorategieta, Errenteria, Tiloak, Villa Argentina, Seber Altube, Allende Salazar, Hilerria, Iturriondo, Mestikabaso, Araba eta Lurgorri geltokia.

Eskariz gelditzeko aukera eskainiko zaie bereziki emakumeei, gauez bakarka egin beharreko ibilbideak laburtzeko. Autobusetik etxera, edo doazen lekura, bertatik ahalik eta gertuen jaisteko eskatu ahal izango dute. Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren pertzepzioari, eraginari eta segurtasunari buruzko EAEko emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko azken azterlanaren arabera, 16 eta 29 urte bitarteko emakumeen % 40k dio segurtasun gutxi edo batere ez dutela sentitzen bakarrik dabiltzanean gauez bizileku-eremuan; adin-tarte horretako gizonen kasuan, berriz, % 8,5a da segurtasun gutxi sentitzen duena.

Beraz, ibilbidearen barruan tarteko geldialdi bat egin nahi duenak aurretik jakinarazi beharko dio gidariari zein lekutan jaitsi nahi duen. Hala, adierazitako beharraren arabera aukeratuko da puntua, kontuan hartuta puntuak ez dakarrela arriskurik erabiltzailearen bidesegurtasunerako.

Zerbitzu honekin, doako eta eskatutako geldialdiarekin, herriko jaietan gaueko ibilgailu partikularraren erabilera murriztu nahi da eta udalerriko bizilagun guztientzat segurtasun handiagoa lortu. Hori guztia, emakumeek gune berdinzale eta anitzetan parte-hartze eta inklusio handiagoa izan dezaten, jokabide diskriminatzailerik eta iraingarririk jasan gabe.

Indarkeria sexisten aurkako kontzientziazioa

Informazio-gune gisa karpa bat jarriko da Saraspe plazan; herritarrak indarkeria sexistez jabetu daitezen eta emakumeek beren burua defendatzeko eskura dituzten baliabideak ezagutu ditzaten; eta erasotzaileek jakin dezaten ez direla libre nahi dutena egiteko eta edozein erasok erantzuna izango duela jakiteko. Informazio-standa abuztuaren 12tik 17ra egongo da irekita, 19:00etatik 22:00etara. Era berean, bizipenak, iritziak eta interesak partekatzeko eta zalantzak argitzeko baliabideak egongo dira, baita laguntzarako eta sororitaterako gunea sortzeko ere.