Aperribai auzoko ingurua etxebizitza merkatuko eremu tenkatu izendatzeko eta horren araberako neurriak hartzeko eskatu du Galdakaoko udalbatzarrak udako oporraldiaren aurreko azken osoko bilkuran. Horrez gain, eta baita aho batez, Eusko Jaurlaritzari datozen hiru urteetarako Galdakaorako Etxebizitza Planaren proposamena bideratzea onartu da.
Banan bana, honakoak dira uztaileko osoko bilkuran hartu diren erabakiak:
- Kale garbiketan maiatzean eta ekainean Prezero enpresak egindako lanei dagozkien fakturak ordaintzea onartu da. Gobernua osatzen duten 11 ordezkariren (bi zinegotzi ez dira plenoan egon) aldeko botorekin hartu da erabakia (EH Bilduko 7, UHko 2 eta Auzoakeko 2), eta oposizioko 8 ordezkarien abstentzioarekin (EAJko 6 eta PSEko 2).
- Gainbalioen tasen eguneraketa egitea onartu da, Bizkaiko Foru Aldunditik iritsitako moldaketa txertatzeko. Aho batez onartu da.
- Udal langileen soldata % 2 igotzea onartu da, Eudelen proposamena beteta. 2024 hasieratik izango du eragina, eta, beste % 0,5 ere handitzeko aukera egongo da, Kontsumo Prezioen Indizearen arabera.
- Udalak etxebizitzari buruz egin duen Galdakaoko Diagnostikoa Eusko Jaurlaritzara bideratzea onartu du udalbatzarrak eta horretan ardaztuta udalerri osoan eragiteko eta desorekak zuzentzeko egin den Etxebizitza Plana ere bai. Azterketa horietan oinarrituta, Aperribai ingurua gune tenkatu izendatu dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, alokairuaren prezioa mugatzea ekarriko luketen neurriak ezartzeko. Aho batez onartu da proposamena.
- Kiroldegietako kudeaketa egiten duen Guedan enpresari kontratua beste urtebetez luzatzea onartu da. Duela bi urte egindako esleipenaren arabera, beste bi urtez luzatu zitekeen kontratua baina urtebeterako soilik luzatzea onartu da. Urreta kiroldegian egiten ari diren konpontze eta handitze lanek zerbitzua handitzea ekarriko dute, eta beraz, kontratua ere aldatu beharko delako erabaki da luzapena urtebeterakoa soilik izatea. Udal gobernuko 11 ordezkariren babesarekin (EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak) hartu da erabakia, eta oposizioko 8 kideen abstentzioarekin (EAJ eta PSE).
- Mendekotasun egoeran dauden pertsonei erresidentzietara joan behar izan gabe etxean geratu ahal izatea errazteko Etxetic zerbitzu teknologikoa martxan jartzeko pausoak eskatzen dituen mozioa onartu da. EAJk aurkeztutako idazkia aho batez onartu da.
- Metroak Usansolon izango duen geltokia herri erdigunean egon dadila eskatzeko mozioa onartu da. Usansolo Herria taldeak Geltokia Erdigunean plataformaren eskariz aurkeztutako mozioa aldeko 11 botorekin (EH Bilduren 7, UHren 2 eta Auzoaken 2) onartu da, PSEren kontrako bi botoekin eta EAJren sei abstentzioekin.