Musika Bizian jaialdiaren 37.edizioan Tanzaniatik datorren Lumumba folklore talde nazionalak eta Boliviako Manuel Acosta ballet folklorikoak bat egingo dute gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena, Andra Mari dantza taldea eta Ad Libitum txistu banda talde galdakoztarrekin. Udalaren laguntzaz, euskal herritarrengana munduko folklore ezberdinak gerturatzeko proposamena da, haien kultura eta ohiturak ezagutzeko baita geureak ikusarazteko ere.

Andra Mari dantza taldeak urtero antolatzen duen jaialdiak Galdakaoko Udalaren laguntza du eta herrialde eta herri ezberdinetako folklorea erakustea du helburu, Euskal Herrira munduko hainbat dantza eta musika talde ekarriz haien ondarea eta ohiturak ezagutzeko eta geureak ikusarazteko.

Gaur, 20:30etatik aurrera, Kurtzeko plazan, ikuskizun honen lehen egunaz gozatu ahal izango da, Galdakaoko udaletxe aurrean. Bertan egin diete harrera udal ordezkariek, Galdakaora gaur goizaldean heldu diren Tanzaniako dantzariei. Iñigo Hernando alkateak eta Edurne Espilla Kultura zinegotziak harrera egin diete, eta Andra Mari dantza taldeko kideekin eta Tanzaniako ordezkariekin batera egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Iñigo Hernando alkateak eskerrak eman dizkio Andra Mari dantza taldeari urtero urtero Galdakaon halako jaialdia antolatzeagatik: “Udalak ezin du bakarrik egin herria eta Galdakaon halakoak antolatzeko gaitasuna eta indarra duten elkarteak izatea harro egotekoa da”. Euskal Herrian, eta Galdakaon zehatzago, herritik sortutako ekimenez, munduko kultura oso diferente asko ezagutzeko aukera hau izatea eskertu du Hernandok, eta etorritakoek ere euskal kultura zer den ezagutuko duten nahia azaldu du, munduko dantzen arteko lotura aipatuta.

Edurne Espilla Kultura zinegotziak ere “beste kultura batzuk ezagutzeko aukera itzela” eskertu du, kultur artekotasunaren aberastasuna goratu du, eta beste jatorri batzutatik etorritako galdakoztarrei egin die keinu. Galdakaon bizi diren herritarren % 15 beste jatorri batzuetakoak direla gogoratu du. “Tanzaniako asko ez dira egongo, baina Boliviatik etorritakoak badira, eta pentsatzen dut gustatuko zaiela euren jatorrietako kultura euren herri berrian bizitzea”.

Andra Mariko lehendakari Unai Zabalak Udalari eskertu dio urtero ematen duen laguntza. Baita dantza taldeko boluntarioei ere, egunotan egiten duten lanagatik. Egunero gosaldu, bazkaldu eta afaltzen dute elkarrekin bertoko eta kanpoko dantza taldeetako kideek, eta harreman estu hori oso aberasgarria dela azaldu du. Aurten, gainera, herri barruko elkarteen arteko lankidetzan sakondu dutela eta, pozik agertu da Zabala. Izan ere, Ad Libitum Galdakaoko txistulari bandarekin elkarlanean arituko dira ikuskizunetan. Tanzaniako eta Boliviako taldeei dagokienez, oso kultura diferenteen tradizioa eta fusioa bizitzeko aukera izango dela azaldu du, bertaratzeko deia egiteko.

Boliviako taldea arratsaldera arte ez da Galdakaora helduko, eta beraz, Tanzaniako Lumumba taldea bakarrik egon da goizean Galdakaon egindako aurkezpenean. Goizaldean heldu badira ere, oso gustura azaldu dira Andra Mariko kideen aldetik jaso duten harrerarekin, laguntasunarekin eta probatu duten janariarekin. Euren tradizio eta kultura erakusteko prest, Euskal Herriko kulturak ere ezagutzeko gogotsu daudela adierazi dute.

Ekialdeko Afrikako eskualderik zabalena den Tanzaniatik iritsi da Galdakao Lumumba folklore taldea. Dyuto Komba egungo zuzendariak 1997an sortua, dantzan sormena eta benetakotasuna bilatzen ditu. Ikuskizun honetara bertaratzen direnek ospakizun eta errituetan elementu nagusia den dantza eta danborraz osatutako `Ngom´ ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste honako musika tresna tradizionalez lagunduta: marimba, kayamba, kanpaiak eta silva edo adarrak. Tanzanian dantza eta musika ez dira soilik entretenimendua, baizik eta arbasoekin komunikatzeko moduak ere badira. Gainera, `Taarab´ ikuskizuna eskainiko dute, 40 instrumentuz eta gaueko jantzi dirdiratsuak dituzten emakumez inguratutako abeslari batek eskainitako gaueko ikuskizuna. Indiar, arabiar eta afrikar eraginen arteko musika da.

Arratsaldean helduko da beste taldea, Boliviatik, itsasorako sarbiderik ez duen Hego Amerikako herrialde bakarretik: Manuel Acosta Boliviako folklore balleta. Tatuaren oskola musika tresna gisa erabiltzeagatik nabarmentzen da, flautak kontrako denboran jotzen dira eta danborrek hileta erritmoa jotzen dute. Sentikorrak, lotsatiak edo aldarrikapenezkoak izan daitezkeen kantuez gozatzeko aukera izango dute ikusleek, eta dantzek ikuskizun bikoitza eskainiko dute: alde batetik, baldintza gogorrak islatzen dituzten indarkeria eta, bestetik, poesia eta maitasunak ematen duten goxotasuna. Eta ezin ahaztu `diablada´ izenez ezagutzen den dantza ospetsua, gaueko mauka koloreko tonuetan entzuten jarraitzen dena, beren jatorria denboraren iluntasunean galtzen den herri baten sinboloa dena.