Ferixa Nausikoen egitarauaren berri eman du Elorriok
Ostegun honetan goizean, Elorrioko Udaleko Jai eta Kultura zinegotzi den Itsaso Basaurik abuztuaren 30etik irailaren 9ra bitartean ospatuko diren Ferixa Nausiko jaietako egitaraua. Aurten, Udalak 200.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du, iaz baino 30.000 euro gehiago.
Udalak eta jai batzordeak sintonia ederrean programatu dituzte jaietako ekintzak, herriko eragileen ekarpenak jasota: Arriola Kultur Aretoa, Iturrizoro elkartea, Kainabera GKE, kirol elkarteak, danborrada eta txosnagunea, Txintxirri Ikastola, herriko txistulariak, Fanfarrixo fanfarrea, Bizidun nagusien elkartea… “Eta helburua bete dugu beste behin, adin eta gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua ontzea”, adierazi du Basaurik.
Azpimarratzekoa da 25 ikuskizun eta animazio egongo direla, eta ahalegin handia egin dela anbulantzien zerbitzua zein puntu medikoak egun gehiagotan egoteko eta garbiketa zerbitzua areagotzeko. Puntu horri lotuta, birziklatzea eta guztion artean ingurunea zaintzea oso garrantzitsua dela helarazi du Basaurik.
Aurtengo txupinazioa Elorrio CD klubak botako du zapatuan, hilak 31. Gontzal Aranak, futbol elkarteko ordezkari moduan, “ohorea” izango dela adierazi du: “Jende askok osatzen dugu kluba eta gero eta neska-mutil gehiago dauzkagu. 100 urte daroaguz zelaian, eta ea beste 100 urte betetzen ditugun”. Adin tarteei begira, txikienek bitsaren festak, jolasak eta haur parkeak izango dituzte eskura, gaztetxoek aktibitate piloa Ganondo parkeko uhartean, eta nagusienek euren egun berezian mendi ibilbidea, meza, luntxa eta dantza moduko ekitaldiak.
Ekintzen inguruan Basaurik berritasunak egongo direla aipatu du: “Lehenengo ostiralean musika elektronikoa esperimentatzeko laborategi moduko bat jarriko da Ganondon; bigarren domekan, berriz, arratsaldean zesta punta probatzeko aukera eskainiko da, eta emakume profesionalek partidua jokatuko dute Hilari Azkarate pilotalekuan”.
“Iñaki Larrañagak Arriolako programatzaileak kultur emanaldietan jarri du fokua: Elorrioko toki desberdinetan zuzeneko musika anitza izango dugu, besteak beste, Elektronika, erromeria, fanfarria, karaokea, DJ festak, saltsa, folka, mariatxiaka, tango, rumba, koroa edota orkestra. Eta Ikuskizunen artean, bertsolariak, kaleko antzerkiak, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak”.
Tradiziozko ekintzek ez dute hutsik egingo, ezta, nola ez, jaiei izena ematen dien Ferixa Nausiak. Ferixa eta azokari buruz, eskertzekoa da abeltzain, nekazari eta artisauek gurera etortzeko erakusten duten konpromisoa, aurten irailaren 1ean izango denez, oraindik batzuk oporretan egoten direlako.
Parekidetasuna ardatz
Julene Lazkano alkateak argi adierazi du “Ferixa Nausikoak antolatzen hasten garen momentutik jai parekideak, guztiontzako libre eta alaiak izateko egitaraua prestatzen dugula. Horretarako, antolatzaileok gure lanean berdintasun-irizpideak kontuan hartzen ditugu jaiak guztiontzat izan daitezen: kartel-lehiaketan, jai-egitarauan, kontratazioetan, barraketan, eragileen arteko koordinazioan eta abarretan”. Horrekin batera, mezu zuzena helarazi du: “Erasotzaileek ez dute tokirik, hortaz, ez etorri edo ospa egin”.
Ildo beretik, jaiei begira aurten ere eraso matxistak eta arrazistak prebenitzeko kanpaina jarriko da martxan. Sentsibilizazio mezu eta gomendio zehatzak zabaltzeaz gain, informazioa zabalduko duten dinamizatzaile moreak ibiliko dira bi egunetan kalez kale, hainbat material banatzen: erasoak salatzeko telefonoen informazioa; poltsikoan eramateko telefonoen txartelak eta pultserak, jarraibideak...
Aurreko urteetan bezala, herriko eragile feministekin batera jaietarako protokoloa landu da, eta bertan jasotzen da, besteak beste, zelan jokatu inork erasoak salatu nahi izatekotan edo laguntzaren premia izan edota informazioa jaso nahi izatekotan. Hala, halako egoerak kudeatzeko telefono zenbaki hau egongo da eskura (688 86 52 94).
Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaien antolaketan parte hartu dutenei: “Elkarte eta eragileei, zinegotziei, udal langileei, herritar boluntarioei, kartel lehiaketako partaideei eta Anboto komunikabideei saria emateagatik, nekazari, abeltzain eta artisauei, BBKri etxolak lagatzeagatik, herriko denda, enpresa eta tabernei egitaraua finantzatzeagatik, eta, oro har, langile guztiei”.
Amaitzeko, jai euskaldunak izateko aldarria egin du, euskaratik eta euskaraz garatuko direnak.