Oraingoan inoiz baino lehenago iritsiko dira Ferixa Nausikoak. Izan ere, Elorrioko jaiak abuztuaren 30ean hasiko dira eta irailaren 8ra arte iraungo dute, programazio zabal eta anitzarekin. Guztira, 80 ekitaldi baino gehiago aurreikusi dira, eta beste behin ere hainbat ekimen eta ekintzaz gozatu ahal izango da. Kontzertuak, antzerkiak, erromeria, DJ festa, herri bazkariak, bertso-saioa, herri kirolak, kirol txapelketak eta haur parkeak. “Aurtengo jaiak inoiz baino lehenago hasiko dira, abuztuaren 30ean, baina txupinazoa hilaren 31n, larunbata, izango da, eta, beti bezala, ahalegin handia egin da publiko guztiari keinu egiteko moduko programa bat izateko”, laburbildu zuen Julene Lazkano Elorrioko alkateak.
Urtero bezala, udal arduradunek jai-egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten atzo, eta aurkezpen-ekitaldian Itsaso Basauri Kultura eta Jaietako zinegotziak, Txano Larrañaga Arriola Antzokiko programatzaileak eta aurtengo txupina botako duen Elorrioko Futbol Klubeko ordezkariak hartu zuten parte. Aurten, CD Elorriok 100 urte bete ditu eta horregatik jaiei hasiera emango diete. “Guretzat ohore handia da. Elorrixoko jende asko gaude klubean, eta pozik gaude aukera hau izateaz. 100 urte egin ditugu, gero eta neska eta mutil gehiago ditugu, eta gutxienez beste 100 urte horrela jarraitzea espero dugu “, adierazi zuen umoretsu Gontzal Aranak.
Egitarauari dagokionez, Itsaso Basauri zinegotziak jaiak antolatzeko lankidetza eta kultur eta kirol eragileen parte-hartzea azpimarratu zituen. “Jai batzordearen dinaminak oso aberatsak izan dira eta adin tarte ezberdinei zuzendutako eskaintza anitza egongo da”. Gauzak horrela, jai-guneak Herriko Plaza, Urarka kalea, Aldatsekua, Gandondo parkea eta Arriola antzokia izango dira, eta musikari dagokionez, “askotariko musika mota izango dugu: elektronikoa, erromeria, fanfarria, karaokea, DJ Festa, kontzertuak eta jubilatuentzako dantzaldiak”, laburbildu zuen Txano Larrañagak.