Jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko kanpaina abiarazi du Santurtzik
Uztailaren 12tik 21era bitartean ospatuko diren Karmengo jaien aurrean, Santurtziko Udalak indarkeria matxista prebenitzeko eta, halakorik izatekotan, esku-hartzeko kanpaina berri bat jarri du martxan, Berdintasun zerbitzuaren bitartez.
Horrekin lotuta, Ixone Andreu Gizarte Ekintzako zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez “aurten martxan jarri dugun kanpainaren oinarria herritarrekiko arreta izango da. Halako moldez non inor ez dezan sentitu babesik ez duela eraso matxistarik edo LGTBIfobikorik pairatzen badu. Udalaren zenbait arloren artean egin den alor anitzeko lana funtsezkoa izan da denontzako jai seguruak bermatzeko”.
Kanpaina horretan honako ekintza hauek egin dira eta egingo dira nagusiki:
- Berdintasun Zerbitzuaren eta Santurtziko Udaltzaingoaren arteko koordinazioa indartuko da.
- Jaiak antolatzen ari diren eragileekin (txosnagunea, mugimendu feminista, kultura eta euskara arloa, obra eta zerbitzuen arloa eta abar) informazioa elkar trukatu, ideiak kontrastatu eta ekarpenak jasotzeko bilerak egin dira.
- Jai-gunean espazio ez-seguru edo gatazkatsu gisa identifikatutako tokien ebaluazio eta esku-hartze koordinatua egingo da toki horien arrisku-maila txikitzeko, nola-eta gune horiek gehiagotan eta hobeto ikuskatuz eta argituz.
- Uztailaren 13an, larunbatarekin, inkestak egingo zaizkie udalerrian bizi diren 11 eta 18 urte bitarteko gazteei, gazte santurtziarrek berdintasunarekin lotutako gaietan dituzten jarrera eta baloreak aztertze aldera.
- Sentsibilizazio-materiala banatuko zaie txosnetako ordezkariei, besteak beste eskumuturrekoak, eta sentsibilizazio-guneak ezarriko dira Lehendakari Agirre pasealekuan.
Puntu Morea
Aurten bederatzi egunez puntu morea ezarriko da Kapitania-eraikinean (Lehendakari Agirre pasealekuan) indarkeria matxistako egoerarik bada, pairatu duen herritarrari behar bezalako arreta emateko. Eraikinera atzeko aldetik sartu beharko da, eta olana batez eta argi zuri-morez egongo da identifikatuta.
“Gune horretan berdintasun arloan edo/eta indarkeria matxista prebenitzen prestakuntza duten bi langile arituko dira. Zenbait zeregin izango dituzte: kontzientziazioa, esku-hartzea, laguntza emozionala, Udalaren, Udaltzaingoaren eta Foru Aldundiaren baliabideekiko koordinazioa eta abar. Gogoan izan behar da ekintza horiek guztiak Udalaren Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean eta koordinazio zehatzean egiten direla, izan ere, jaietan koordinazioa egunerokoa izango da. Berdintasun Zerbitzuak dagoeneko bilerak egin ditu, eta gero ere egingo ditu, zerbitzua emango duen enpresarekin” azaldu du Andreuk.
Azkenik, zinegotziak “Karmengo jai zoriontsuak” opatu ostean, “denok gozatu eta ondo pasatzeko” gonbita egin du.