Síguenos en redes sociales:

Hamabost urteko ibilbidea errepasatzen duen erakusketa antolatu du Sestaoko Emakumeen Foroak

Emakumeen eskubideak aldarrikatzeko helburua duen eta hamabost urteko ibilbidea errepasatzen duen argazki-, kartel-, egutegi-, eta performance-erakusketa antolatu du Sestaoko Emakumeen Foroak. Berdintasunaren aldeko erakusketa hau Sestaoko Musika Eskolan egongo da ikusgai uztailaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik iluntzeko 20:00etara. Uztailaren 6an ere ikusi ahal izango da, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara.

Foroa iaz amaitu zen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten udalerriko hainbat elkartek osatzen zuten, hala nola Sestaoko Caritasek, Neba-Nebak, Ijitoen Idazkaritzak, Integrando Fundazioak, Afisesek eta Amatza Abesbatzak.

Jardunean egon den bitartean, Sestaoko Berdintasunare​n aldeko Emakumeen Foroa Udalarekin elkarlanean aritu da berdintasunaren aldeko politikak bultzatzen eta garatzen. Horrela, Foroak egindako presioari esker, Udalak gero eta ikusgarritasun handiagoa eman dio Berdintasun arloari, eta udal plantillaren barruan Berdintasun teknikari lanpostu bat sortu da, alde politikoarekin batera udal politikak bultzatzeko.

Hamabost urteko ibilbidean zehar, Foroaren parte-hartzea nabarmena izan da data berezietan, hala nola martxoaren 8an eta azaroaren 25ean, Emakumeen Nazioarteko Egunean eta indarkeria matxistaren aurkako Munduko Egunean.

Erakusketak emakumeen eskubideak aldarrikatzeko erabili dituzten argazkiak, kartelak, egutegiak eta performanceen elementuak erakusten ditu.