Datorren ostiralean, ekainaren 28an, hasiko dira uztailaren 7ra arte luzatuko diren Sanfuenteseko jaiak. Hori dela eta, Abanto Zierbenako alkate Iñaki Urrutiak Santa Luziaren omenezko jaiak ospatzeko prestatutako egitaraua aurkeztu egin du astelehen honetan.

“Abanto Zierbenako Udalak abantar guztiak animatzen ditu Sanfuentesera hurbildu eta udalerriko elkarteekin batera prestatu ditugun jarduerez gozatzera. Apar-jaiak, lehiaketak, herri-bazkariak, musika, eta askoz gehiago egongo da”, adierazi du Urrutiak.

Sanfuentesko jaiei hasiera ofiziala emango dien txupinazoa ekainaren 28an (ostirala) izango da, 19:00etan, Adizmiren eskutik. Ondoren, Meatzaldeko Harrigorria Dantza Taldeak pregoiari omenezko aurreskua dantzatuko dio. Txupinazoaren aurretik, haurrentzako collage tailerra, Katxete erako Boloen Santa Luziako sari nagusia, LGTBIQ+ photocall-a eta euskal jantzi tradizionalen desfilea egingo dira. 19:00etan, txupinazoarekin batera, txorizo-jan herrikoia eta Gauargiren erromeria egongo da. Gauez, Serenade Cover Pop taldeak musikaz alaituko du giroa, eta, jarraian, erromeria izango dugu.

Larunbatean, hilaren 29an, goizean zehar abantarrek kalejirak, kirol-jokoak, arku-tiroa, xake-lehiaketak, apar-jaia eta trikitixa-emanaldia izango dute. 15:00etan herri-bazkaria egongo da, eta gero, arratsaldez, denetarik izango dugu: 17:00etan joko Lokolinpikoen azken proba eta Tute txapelketa azkar bat egingo da, ondoren Katxete erako boloen txapelketa haurrentzat, Tiragoma-txapelketa, haurren lasterketa, Emakumezkoen Katxete erako boloen lehiaketa, fanfarrea eta XXXVII. Serantes Igoera egingo da. Gauez, dantza-emanaldia egongo da. Eta 23:30ean, Liskerren erromeria.

Igandean, hilaren 30ean, goizez egurrezko jolasak, puzgarriak, Sukalki lehiaketa, El Despiste fanfarrea, meza eta kontzertu korala izango ditugu. Eta, arratsaldez, partxis txapelketa, ur-arrapala, dantza-erakustaldia, igel-txapelketa azkarra eta Katxete erako bolo-lehiaketa egingo da. Azkenik, abantarrek Lowe Band taldearen emanaldiaz dastatu ahalko dute.

Uztailaren 4an, ostegunean, Pala-txapelketaren finalerdiak izango dira. Ostiraleko (hilak 5) jaia arratsaldez hasiko da, perkusio-tailerrarekin. Jarraian, saiheski-jan herrikoia eskainiko da, eta esku-pilota erakustaldia egongo da pilotazaleentzat. Jarraian, Jorge Canovasen emanaldia izango da, eta Kresalaren kontzertuarekin amaituko dugu eguna.

Uztailaren 6an, larunbatean, goizez kalejira egongo da. Aldi berean, txikiek aurpegimargoketa izango dute, baita pasta fresko ekologikoaren tailerra ere, elikadura arduratsua sustatzeko. Arratsaldean, Mus-txapelketa azkarra eta Azeitunahezurren II. jaurtiketa-txapelketa egongo da. Era berean, Trial-erakusketa eta tailerra egingo dira. Gauean, Línea Continua taldeak kontzertua emango du, eta ondoren kalejira alaia eta Santa Luziako zelaietatik jaitsiera egingo dira. Eguna Malasia orkestraren musikarekin amaituko da.

Uztailaren 7a, igandea, jaien azken eguna izango da. Eguna hasteko, pala txapelketaren finalak eta Artisautza Azoka Handia izango ditugu. Era berean, hogeita hamarren bat euskal joko egingo dira. Trikitixa eta mariatxi taldea ere egongo da. Bazkaltzeko orduan, sukaldean trebeen direnek paella-lehiaketan parte hartu ahalko dute. Eta arratsaldez, dantzazaleek masterclass bat izango dute. Horretaz gain, gazteen areto-futboleko lehiaketaren finalak, igel-txapelketa azkarra, Katxete erako bolo-lehiaketa eta areto-futboleko partida handia egingo dira. Sanfuentesko jaiei amaiera emateko, Antzerki Jaialdia egingo da.

Gogorarazi nahi dugu Sanfuentesera joateko, abantarrek lineako autobusak, trenak, eta herrien arteko Meatzaldebus zerbitzua erabili ahal izango dutela. Horrez gain, ekainaren 28an eta 29an eta uztailaren 5ean eta 6an Sanfuentesko Gautxori zerbitzua ere erabili ahal izango dute. Gainera, landaguneetan bizi direnei etxera itzultzeko taxi zerbitzua ordainduko zaie. Horretarako, tiketa aurkeztu beharko dute.

Era berean, jaiet​ako ostiral eta larunbatetan, 23:00etatik 06:00etara puntu morea jarriko da. Helburua da eraso matxisten eta LGTBIfobikoen biktimei babesa ematea, bai eta sentsibilizatzea eta interesa duten guztiei informazioa ematea ere. Moreguneak ere jarriko dira. Bertan, eraso matxisten aurrean jarduteko protokolo bat izango dute, eta edozein biktimak laguntza eskatu ahal izango du.

“Abanto Zierbenako Udalak argi utzi nahi du soilik baietz dela baietz, eta ez dela inolako erasorik onartuko. Amaitzeko, abantar guztiak animatu nahi ditugu Sanfuentesera hurbildu eta udalerriko elkarteekin batera gustu eta adin guztietan pentsatuz prestatu dugun programaz gozatzera. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu jai hauek posible egiten dituzten udalerriko elkarte guztiei”, adierazi du Kultur zinegotzi Miren Pradak.