Astelehen honetan goizean, ekainaren 17an, El Pobaleko Burdinolaren 20. urteurrena ospatzeko ekialdia egin da olagizonen museoan. Museoak bi hamarkada hauek Bizkaiko industria-aurreko jarduerak, bereziki burdinaren fabrikaziokoak eta erroten arlokoak, zaintzen eta hedatzen jardun du. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuta, Museo bizi honek lurraldeko erreferente kultural eta turistiko gisa duen ospea sendotu du.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Leixuri Arrizabalaga, El Pobaleko Burdinolaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldiaren buru izan da gaur goizean, eta Foru Erakundeak egindako lana eta hainbat erakunderen lankidetza azpimarratu ditu. "Museo bizi honek balio izugarria izateaz gain, hezkuntza- eta kultura-esperientzia paregabea eskaintzen du bisitari guztientzat", gogorarazi

Gainera, diputatuak azpimarratu duenez, "El Pobaleko burdinolea museo finkatua eta Bizkaiko ondarearen erreferentea da. El Pobal funtsezko elementua da burdinaren 500 urteko historia ulertuteko. Museoak, burdinari lotuta garatu dan gure historiaren ezagutza, bai txikien artean eta bai nagusien artean, transmitiduteko funtsezko zeregina euki dau eta gaur egun be funtsezkoa izaten jarraituten dau".

Burdinolaren 20 urteko ibilbidea

El Pobal erreferentziazko museo bihurtu da Bizkaian jarduera bat, burdinaren industria, ezagutu nahi dutenentzat. Burdina funtsezkoa izan da lurraldeko ekonomian, gizartean eta kulturan, eta baita paisaian ere. Bizkaia eta burdina modu bereizezinean lotuta daude eta zaila litzateke bata bestea gabe ulertzea eta aintzatestea.

20 urte hauetan El Pobaleko Burdinolak 280.000 bisitari inguru jaso ditu, eta 15.000 bisita gidatu baino gehiago eskaini ditu. Gauzarik erakargarrienetakoa makina historikoak, besteak beste harrizko hauspoak, gurpil hidraulikoak eta gabia, martxan ikusteko aukera izan da, eta horrelako 4.000 erakustaldi baino gehiago egin dira.

Gainera urtero 6.000 ikasle inguruk Burdinola bisitatzen dute, Museoaren potentzial didaktikoak erakarrita. Museoak gazteei historiari, teknologiari eta ingurumenari buruz modu interaktiboan ikasteko aukera ematen dieten tailerrak eta jarduerak eskaintzen ditu.

El Pobalek bere eskaintza kulturala aberasten duten aldi baterako hainbat erakusketa hartu ditu. Bizkaiko burdingintzaren eta olagizonen ondarearen inbentarioa eguneratu zenetik Museoak, adibidez, "Burdina itsasora", "Muskizko San Julian elizako atean grabatutako itsasontziak" eta "Burdinoletan zehar. Bizkaia, territorio ferrón" bezalako erakusketekin, Museoak  burdinaren ondare materialaren ikerketa eta hedapena sustatu ditu. Gaur egun, burdinolak "Haizearen seinale, denboraren seinale: Haize-orratzak Bizkaian" instalazioa hartzen du, Bilboko Euskal Museoak lagapenean utzitako haize-orratzen bilduma erakusten duena. José Pablo Arriagaren instalazio artistikoak haize-orratzen esentzia harrapatzen du zur kurbatuko piezetan, ikusizko esperientzia paregabea sortuz.

Museoa komunitatearentzako topaleku eta aisialdirako gune bihurtu da eta bertan grabazioak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta kultur-ekitaldiak eskaintzen dira MusEkintza jaialdiaren baitan. "Burdinolaren soinua" eta "Ingudea  eta Dultzaina" bezalako proposamenek burdinola- eta errota-industriaren soinu-unibertsoan sartu dute publikoa.

Era berean, Burdinolak bere eskaintza dibertsifikatu du, besteak beste, egur-ikatzaren ekoizpena erakusteko "txondorrak" eta labe tradizionaletan burdina egiteko entseguak eginez. "Sutegiko topaketei" esker bisitariek aingurak, arpoiak, iltzeak eta beste objektu batzuk forjan nola lantzen ziren ikusi ahal izan dute, burdinaren aplikazio historikoei buruz duten ulermena aberastuz. Irin-errotak ere batez ere ikasleen, familien eta aisialdiko taldeen artean museo honetako jendeak gehien estimatzen dituen tailerretako batzuk inspiratu ditu. Kasu honetan  bisitaren zati handia ogia, taloa eta euskal gastronomia tradizionaleko beste produktu batzuk egiteko erabiltzen da.

El Pobaleko Burdinolak bere eragina burdinolaren ondarearen beste elementu batzuk arakatzen dituzten ibilbide gidatuen bidez zabaldu du, hala nola Urtubiaga, Bolunburu, Oxillain eta Ansotegi burdinolak eta Olabarrietako fanderia.

2009tik Muñatones Gaztelua burdinolaren hezkuntza- eta turismo-eskaintzan sartu da, Bizkaiko iraganaren ikuspegi osatuagoa eskainiz. Aukera hau ireki zenetik 31.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Muñatonesi lotutako jardueretan; jarduera horien artean dago Erdi Aroko Antzezlan Historikoa, didaktika eta dibertimendua uztartzen dituen ekitaldia, eta "Muñatonesko Azpijokoak" bisita antzeztua, Gazteluan bizi izan ziren emakumeen rolari protagonismoa ematen diona eta urteko programan sartuta geratu dena. Egin diren 900 bisita gidatu baino gehiago horiekin batera hitzaldiak, egoera antzeztuak, tailerrak, antzerkia, kontzertuak, dantza eta magia-ekitaldiak garatu dira, baita Erdi Aroko gastronomia-jardunaldiak ere, hala nola Loperen Dieta, aurten ere ikusteko eta gozatzeko aukera izango duguna. 

2004ko ekainean, Bizkaiko Foru Aldundiak,  500 urte inguruz burdina fabrikatzeko erabili zen makineria hidraulikoaren ateak ireki zizkion publikoari eta, birgaitze prozesu sakon baten ondoren, museo bihurtua, bere historiaren etapa berria inauguratu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundia 1990ean multzoa lehengoratzen hasi zenean, bazekien ondare horrek aparteko balioa zuela. Iraganean Bizkaian egon ziren 200 burdinoletatik El Pobalekoa zen hobekien kontserbatu zena eta gaur egun arte makineriarekin iritsi den bakarra. Pérez Ibarrondo familiak, azken jabeek, 1965era arte jardunean mantendu zituen instalazio hauek.

2004an, zaharberritze prozesu sakon baten ondoren, Burdinolak ateak ireki zituen museo moduan, ondare berezi horren kontserbazioa ziurtatuz.

Horrela bestela ahaztuta geratuko zen ondarearen kontserbazioa bermatzen zen. Baina, gainera, museo berri hau inguruko burdinarekiko erlazioa eta bokazioa zabaltzeko eta Muskizek, eskualdeak eta Bizkaia osoak kalitatezko kultura- eta turismo-produktu gisa duten irudia indartzeko sortu zen.

Inauguratu eta bi urte eskasera Burdinolak nazioarteko aintzatespena jaso zuen: hirugarren postua, urrezko sariarekin, Nazio Batuen Ingurumen programako Liveable Community Award Sarietan. Sari honek proiektuaren izaera berritzailea azpimarratzen zuen, baita jasangarritasuna eta tokiko ingurunean duen eragin positiboa ere.

Makineria martxan jartzea -harrizko hauspoak, urak mugitzen dituen gurpil hidraulikoak edo burdina goriari forma ematen dion gabia- multzo honen bisitaren funtsezko atala da, eta bereziki museo bizi moduan erakusteko birgaitu zen.

Burdinolaren ibilbidea ez zen bera izango hainbat erakunde eta enpresaren laguntzarik gabe. Forlan enpresa publikoak berebiziko garrantzia izan zuen Museoaren lehen urteetan eta 2011tik Bizkaikoak, Aldundiaren Ondare Zerbitzuarekin batera, kudeatu du museoa. Muskizko Udalak eta udalerri horretako Kultur Etxeak eta Liburutegiak ere ekarpen handia egin dute. Gainera, Petronor enpresa funtsezko babeslea izan da 2005etik.

20. urteurrenaren ospakizuna

Datorren ekainaren 22an El Pobalen bisita gidatuez gain, bertaratzen direnek Luis Padura olagizon eta errementariaren trebetasuna ikusi ahal izango dute sutegian.

Luis Padurak haize-orratz bat egingo du bertan. Erakusketa hau Bilboko Euskal Museoak utzitako haize-orratzen bilduma bat erakusten duen "Haizearen seinale, denboraren seinale: Haize-orratzak Bizkaian" instalazioa museoak hartzen duenean egiten da.

José Pablo Arriagaren instalazio artistikoak haize-orratzen funtsa zur kurbatuko piezetan jasotzen du, eta ikusizko esperientzia paregabea sortzen du Bizkaiko Foru Aldundiaren El Pobaleko Burdinolan.

Erakusketa azarora arte egongo da zabalik. Ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea larunbat honetan, ekainak 22, izango den ekitaldira joateko.