Astearte honetan goizean aurkeztu egin dute Arriaga Antzokiko plazan Euskal Museoan ikusgai egongo den ‘Hiri isolatua. 1874ko Bilboko setioa’ izeneko erakusketa. Erakusketaren inaugurazioan ondokoak izan dira: Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputatua; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria; Josu Arambarri, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ikertzaile laguntzailea, eta Aloña Intxaurrandieta, Euskal Museoko teknikaria.

Proposamena hiriko zenbait puntutan jarriko da ikusgai, eta gertakari horren 150. urteurrena oroitzeko baliatuko da. Bizkaiko erakundeak bere bildumaren bidez euskal kultura zabaltzen jarraitzen du horrela, nahiz eta gaur egun egiten ari den eraberritze integralaren ondorioz museoak ateak itxita dituen.

Bilboko azken setioa, hiriak XIX. mendean jasan zituen lau setioetan luzeena, azken Karlistaldiaren (1872-1876) esparruan gertatu zen. 1873ko abenduaren 29an hasi zen, karlistek, itsasadarreko zenbait puntutan kateak jarrita, ibai bidezko nabigazioa bertan behera utzi zuten egunean.

Setioaren garairik gogorrena otsailaren 21ean, larunbata, hasi zen, hiria bonbardatu zutenean. Karlistek erraz kanoikatu zuten Bilbo, liberalen gudarosteak geldirik baitzeuden Somorrostroko bataila ospetsu eta odoltsuetan.

Setioak 120 egun baino gehiago iraun zuen, eta 6.785 jaurtigai zenbatu ziren. Martxoaren 23tik aurrera errazionamendua ezarri behar izan zen, eta hiriak gizakien eta materialen galera handia jasan zuen.

Gertakari horretan oinarrituta, erakunde bizkaitarrak honako proposamen hau luzatu du: hiritik sakabanatuta egongo diren argazkien bidez ibilbide historiko bat egitea, horrela, aukera egongo da Bilboko zenbait tokiren lehengo egoera eta egungoa ikusteko.

Euskal Museoarekin batera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Josu Aramberrik ere proiektuan parte hartuko du bere proposamenarekin. Labur esanda, Euskal Museoaren bildumako irudi-sorta bat Bilbon ikusgai jarri eta gertatutakoa azaltzeko ibilbide bat egitean datza, bisita gidatuen bidez edo bakoitzak bere kabuz egin ahalko dena. Gainera, webguneko informazioaren bidez ezagutzak sakontzeko aukera eskainiko da.

Edukiak

Charles Monney argazkilari frantziarrak zenbait argazki egin zituen 1874ko Bilboko setioan zehar, eta Bilboko Euskal Museoan argazki horien paper gaineko kopiak eta beirazko plakak daude. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak ere egile beraren hiru argazki laga ditu.

Horiez gain, Telesforo de Errazquinek egindako argazkiak lagungarriak izango dira hilabete horietan hiriak bizi izan zuen egoera ulertzeko. Hala, bildumaren parte diren zenbait irudi batu zaizkio proposamenari.

Erakusketa honen bidez, Bilboko Euskal Museoaren bildumako argazki-sorta bat fisikoki ikusgai jarriko da hiritik sakabanatutako zortzi paneletan; gainerako irudiak QR baten bidez ikusi ahal izango dira, gertakaria eta erakusketa bera ulertzeko interes historikoko argazkiak baitira den-denak.

Horrenbestez, Bilboko zenbait toki ikusi ahal izango dira, hala nola Zingira, San Frantziskoko zubia, Erribera, Areatza eta Iparraldeko geltokia.