Galdakaoko Torrezabal kultur-etxeeak gazteek emantzipatzeko dituzten aukerei buruzko hitzaldia jasoko du datorren ostiralean, ekainaren 14an. Ekitaldia lehenengo aretoan egingo da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Saioa, gurasoen etxetik irten eta beren bizi proiektua autonomiaz eta beren eskubideak baliatuz eraikitzeko urratsa ematea pentsatzen ari diren galdakoztar gazteentzat zuzenduta dago.
Hitzaldia Galdakaoko Udalak duela gutxi, 2024ko otsailean, abian jarri zuen Gazteen Emantzipaziorako Bulegoaren teknikariak emango du. Bertan, zerbitzu horren berri emango da eta haren funtzionamendua azalduko da. Zerbitzuaren helburu nagusia da emantzipatu nahi duten gazteen eskura jartzea prozesu hori gauzatzeko eskura dauden informazio eta baliabide guztiak, hala nola administrazioaren maila guztietan eskaintzen diren zerbitzuak, laguntzak, programak edo proiektuak, betiere gazte ahulenei arreta handiagoa eskainiz.
Hitzaldian emantzipatzeko lehen pausoei buruz hitz egingo da, eta gaur egun etxebizitza alokatzeko edo erosteko dauden aukerak aztertuko dira, alde onak eta zailtasunak aztertuz eta horiei buruz hausnartuz, eta edozein aukeratarako dauden laguntzak eta baliabideak zehaztuz. Era berean, bertaratutakoek dituzten zalantza guztiak argitzeko ahalegina egingo da. Gainera, bertaratutakoek Gazteen Emantzipaziorako Bulegoan banakako aholkularitza jasotzeko hitzordua eskatzeko aukera izango dute. Bulego hori asteazkenero dago zabalik, 17:00etatik 20:00etara, Torrezabal Kultur Etxean. 675 70 00 89 telefonoan edo emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan jar daiteke harremanetan ere.