Aste honetan abiarazi du Elorrioko Udalak hurrengo ekitaldirako aurrekontu partehartzaileen prozesua. Aurten, iaz bezala, 50.000 euro bideratuko ditu Udalak herritarren proposamenak betetzeko.
Ohikoa denez, prozesuak bi fase ditu parte hartzeko. Lehenengo fasean aipatutako herritarren proposamena horiek bilduko dira; bigarren fasean, berriz, proiektuen bozketa egingo da.
Orain proposamenak biltzeko fasea abiatuko da, eta, ondoren, bildutako informazioa aztertu eta proiektuak lehenesteko faseari ekingo zaio. Lehen fase honetan parte hartzeko epea ekainaren 23ra arte luzatuko da.
Parte hartzeko hainbat bide ahalbidetu dira, ahalik eta herritar gehienek proposamenak helarazteko aukera izan dezaten. Alde batetik, aurrez aurre parte hartu ahal izango da Udaletxeko eta Kultur Etxeko postontzien bidez, eta, bestetik, online bidez, azpian erantsita dagoen webgunean formularioan beteta.
Prozesuaren gaineko informazioa aurrez aurre azaltzeko, ekainaren 12an, asteazkena, txokolatada informatibo bat antolatu du Udalak Aldatsekuan, 18:00etan hasita. Honetan, prozesuaren xehetasun guztiak azalduko dira, bai eta aurreko urteetako prozesuen ondorioz egin diren proiektuen gauzatze-egoera ere. Informazio batzar hori Elorrioko herritar guztientzat zabalik egongo da. Gainera, ekainaren 14an, ostirala, bi teknikari igaroko dira udalerriko eremu desberdinetatik, prozesuaren berri emanez eta parte hartzea erraztuz.
Lehenengo fase honen ondoren, jasotzen diren proposamen guztiak udal zerbitzu teknikoek aztertu eta baloratuko dituzte, ondoren partaidetzaren bigarren fasean bozkatzeko. Udalak herria hobetzen lagunduko duten proposamenak egitera animatu nahi ditu herritarrak.