Galdakaok ezagutzera eman ditu Santakurtzetako kontzertuak
Mago de Oz, Bulego, Tremenda Jauría eta Zea Mays izango dira irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko diren Santakurtzetan joko duten lau taldeak. Horrela erabaki dute herritarrek, lehenik talderik gustukoenak proposatuz, eta ondoren, beraiek egindako proposamenen artean bozkatuz. Galdakaoko Udalak aste honetan eman du ezagutzera bozkaketa horren emaita. Kontzertuak, ohi bezala, Ardantza parkean egingo dira.
Honako hauek izango dira Galdakaoko jaietako kontzertu nagusiak:
- Irailak 13, ostirala: Mago de Oz
- Irailak 14, larunbata: Bulego
- Irailak 20, ostirala: Tremenda Jauría
- Irailak 21, larunbata: Zea Mays
Martxoan abiatu zen parte hartze prozesuaren lehen fasea, eta bertan, jaietarako nahi dituzten musika taldeak proposatzeko aukera izan zuten herritarrek. Jasotako 460 proposamenetatik, baztertu egin ziren aldez aurreko baldintzak betetzen ez zituztenak (azken 3 urteetan Galdakaon aritu izanagatik, 4 pertsona edo erakunde baino gutxiagok proposatua izanagatik, eta letretan, jarreretan edo jantzietan diskriminazio zantzuak adierazteagatik). Ondoren, balorazio teknikoa egin zen ezarritako irizpideen arabera, eta bozketa fasea abiarazi zen, egun bakoitzerako proposamen sorta batekin.
Bozketa fasean, Mago de Oz taldea gailendu da jaietako lehen eguneko kontzerturako, Kaotiko, Boikot eta Talko taldeek baino babes gehiago jasota. Jaietako lehen larunbaterako, irailaren 14rako, Bulego talde azkoitiarra izan da bozkatuena, Chill Mafia, Oxabi eta Su Ta Gar taldeen aurretik. Irailaren 20rako, larunbata, herritarrek Tremenda Jauría aukeratu dute, Mafaldari baino babes gehiago emanda. Eta irailaren 21ean Ardantza parkean egingo den kontzertu nagusirako aukeratua Zea Mays izan da, Nogen eta J. Martinari gailenduta.
Santakurtzak 2024 musika taldeak aukeratzeko herritarren parte hartze prozesuari buruzko informazio guztia plataforma honetan egongo da eskuragarri.