2023- 2027ko legegintzaldi agenda onartu du Abadiñoko Udalak
Joan den asteartean, maiatzaren 28an, Abadiñoko Udaleko osoko bilkurak egindako ohiko bileran onartu egin zen udalerria hobetzeko 170 jarduketa biltzen dituen 2023-2027ko Legegintzaldi Agenda.
Udalaren webgunean kontsulta daitekeen dokumentu osoak proiektu bakoitza zehazten du, garapen egoerarekin edo gauzatze aurreikuspenarekin eta kalkulatutako aurrekontuarekin batera.
Une honetan, Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) prozesua gauzatzeko lanean ari da. Plan horrek Abadiñok hurrengo hamarkadan dituen erronka nagusiei erantzun beharko die. Aldi berean, garrantzitsua zen legegintzaldi agenda definitzea. Horrela, plan orokorrak 2027ra arte 170 ekintza garatzeko esparrua emango du, eta agendak edukia.
Udaleko arlo guztiei lotutako lehentasunezko proiektuen zerrenda hori egiteko, udalean ordezkaritza duten talde guztiek parte hartu duten lantalde batek koordinatutako prozesua planteatu zen. Hori dela eta, azken dokumentuak talde politikoen hauteskunde-programen ideiak, bulego teknikoak planteatutako proiektuak eta aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako proposamenak jasotzen ditu, besteak beste.
“Ahalik eta irekiena eta adostuena izan dadin saiatu gara, garapen antolatuagoa bultzatuko duen tresna izan dadin. Aurrekontuak hurrengo ekitaldietarako izango dituen inplikazioak bistaratzeko, hobeto koordinatzeko eta udalaz kanpoko finantza-laguntzak lortzeko lanean sakontzeko aukera emango digu. Proiektu batzuk kanpoko finantziazioa jasotzen badugu bakarrik gauzatu ahal izango dira, eta ustekabeak ere sortuko dira. Beraz, dokumentu hau lanerako gida bat izango da, eta, aldi berean, une bakoitzean behar eta adosten diren aldaketei irekita egongo da”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Bestalde, Edurne Maguregui alkateordeak azpimarratu duenez, “beharrezko dokumentua da lanerako, gure konpromisoak gauzatzeko pausoak markatuko dizkigun ibilbide-orria. Arlo guztietan lan egingo dugu, une honetan hain garrantzitsuak diren gizarte ongizatea eta zainketak ahaztu barik. Dokumentu irekia eta dinamikoa da, eta erakunde arteko akordioak eta kudeaketa ona beharko ditu beharko dugun finantzaketa guztia lortzeko. Horrez gain, udalteknikarien lana aitortu gura nuke, jarduketa horietako asko euren jardunbide egokiari esker gauzatu direlako”.
Hirigintza eta Herri Lan Sailak 25 ekimen biltzen ditu guztira, horietako batzuk dagoeneko martxan; horien artean daude Zelaietako mugikortasuna hobetzeko partehartze prozesutik eratorritakoak, eta irisgarritasun- eta modernizazio-irizpideak dituzten eremuak berrurbanizatzeko, adinekoentzako egoitza egiteko eta obra txiki asko gauzatzeko beste batzuk, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Mugikortasuna, ingurumena eta oinarrizko zerbitzuak da eduki gehien biltzen dituen arloa, 33 proposamenekin; 18 daude Gizarte Ongizatearen arloan eta 15 Landa auzoetan, besteak beste.
Kasu guztietan ekimenaren egungo egoera adierazten da, batzuetan azken hilabeteetan gauzatua edo martxan, edo gauzatzeko aurreikuspena, bai eta aurrekontu-aurreikuspena ere. Horrela, zenbait jarduera kanpoko finantzaketa lortzearen baldintzapean egongo dira; beraz, baliteke hiru urte hauetan ez gauzatzea, baina konpromiso guztiak osatzeko lanean jarraitzeko konpromiso sendoa dago.