Gaur irekiko dira Elexaldeko kanpoko igerilekuak
Urtero bezala, gaur, ekainaren hasierarekin batera, ireki egingo dituzte ateak Elexaldeko kanpoko igerilekuek. Modu honetan hasiera emango zaio irailaren 30era arte iraungo duen udako denboraldiari. Galdakaoko Udalak ezagutzera eman ditu igerilekuen ordutegiak:
- Ekainaren 1etik 14ra eta irailaren 16tik 30era: astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandeetan 11:00etatik 20:00etara.
- Ekainaren 15etik irailaren 15era: astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara.
Igerilekuak itxi baino ordu laurden lehenago etengo dira jarduerak.
Prezioei dagokienez, abonatu guztiek eta 4 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute. Abonatu ez direnen artean, 4-16 urtekoek 5 euro ordainduko dute eguneko, eta 17 urtetik gorakoek, 7,50 euro. (Igerilekura 15:00en ondoren sartzen direnek merkeago izango dute sarrera).
Igerilekuak erabiltzeko arauei dagokienean bi berrikuntza izango dira aurten:
- Abonatuta ez dauden pertsonek merkeago izango dute sarrera arratsaldez soilik erabiltzekotan. 4 eta 16 urte bitartekoek (biak barne) 15:00etatik aurrera 3 euro ordainduta sartu ahalko dute, eta helduek, 5 euroren truke.
- 2024. urtean 14 urte betetzen dituzten adingabeak, hau da, 2010. urtean jaiotakoak, pertsona heldurik gabe sartu ahal izango dira.
Udalak gogorarazten du herritarrek udako abonuak jaso ditzaketela, eta udan igerilekuez gozatzeko asmoa dutenei hori egitea gomendatu die. Familia abonuarekin, familia osoak igerilekuetara joan ahal izango dira lau hilabetez, guztira 64,90 euro ordainduta, banakako abonua 46,90 eurokoa izango da denboraldi osorako, eta 36,10 eurokoa 25 urtetik beherakoentzat. Abonuak Urreta eta Unkina kiroldegietan eska daitezke.
Udako igerilekuetan ontzi olinpiko bat eta jokoak daude, baita eguzkia hartzeko bi gune ere, bata belar naturalarekin eta bestea belar artifizialarekin. Guneak 1.166 lagunentzako lekua du eta bertara joateko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik erreserba egitea.
Baldintza klimatologiko txarra edo ustekabeko beste ezein egoera ez dira sarbide kuotak itzultzeko arrazoi izango. Instalazioan sartu diren pertsonek irtetea erabakitzen badute, egun horretan bertan sartu ahal izango dira berriro, betiere dagokion tiketa aurkezten badute eta une horretan edukiera guztiz beteta ez badago.
Ohikoa denez, animaliekin sartzea debekatuta egongo da, eta Udalak gogoratzen du derrigorrezkoa dela araudia betetzea eta igerilekuetako langileen jarraibideak betetzea.