Antzerki Afizionatuaren erakusketa itzuliko da Galdakaora
Beste urte batez, Galdakaoko Torrezabaleko agertoki berrituak Antzerki Afizionatuaren erakusketa jasoko du. Aurten ekimen honen 14. edizioa ospatuko da.
Aurtengoa berezia izango da, gainera: antzerki talde afizionatuek estreinatuko dute Torrezabaleko areto berritua, hainbat hilabetez itxita egon ondoren; batez ere Galdakaoko herritarrek osatzen dituzten talde apalak dira areto berri dotorean arte eszenikoen programazioa estreinatuko dutenak. Datorren asteartean, ekainak 4, hasiko da programazioa.
Bi antzerki konpainia galdakoztarrek esperientzia errepikatuko dute, Aztiak eta Galdarra CEPA Galdakao. Beste bi herritako talde gonbidatuak ere egongo dira: Zallako LHIko antzerki taldea eta Arrigorriagako Hamaika antzerki taldea. Gainera, antzerki afizionatuko erakustaldiak Galdakaoko antzerki feministako tailerretan parte hartzen duten emakumeen debuta ekarriko du, bai Torrezabaleko taldearena, bai Aperribaikoarena.
Emanaldiak ekainaren 4, 5, 6, 11 eta 12an izango dira, eta sarrerek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute (2 euro, deskontuarekin). Bildutako diru guztia Retina Bizkaia Begisare elkartearentzat izango da. Erretinako distrofia hereditarioetan aditua da elkarte hori, eta gaixotasun arraro horiek dituzten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzea du helburu, baita beste patologia ohikoago batzuek eragindako ikusmen eskaseko pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzea ere.
Galdakaoko Antzerki Afizionatuaren XXIV. Erakustaldiaren egitarau osoa honako hau da:
- Ekainak 4, asteartea: ‘Zapatos rotos’, Aztiak konpainiarena. 19:30ean. Doako autobusa egongo da 19:00etan Usansoloko Txapelena baserritik abiatu eta 20:45ean itzuliko dena, antzezlana amaitu ondoren.
- Ekainak 5, asteazkena: ‘En la azotea’, Zallako LHIko antzerki taldearena. 19:30ean.
- Ekainak 6, osteguna: Torrezabaleko Antzerki Tailer Feministaren ‘La mujer sola’ eta Aperribaiko Antzerki Talde Feministaren ‘El despertar’ lanak izango dira. 18:30ean hasiko da.
- Ekainak 11, asteartea: ‘El triunfo’, Hamaika Antzerki Taldearena. 19:30ean.
- Ekainak 12, asteazkena: bi obra antzeztuko dira, ‘Pronóstico reservado’ eta ‘Bakoitzak bere etxea’, Galdarra C.E.P.A Galdakao antzerki taldeak eskainita. 19:30ean hasiko da.
Sarrerak salgai daude jada online Torrezabal Kultur Etxean. Era berean, "0 ilara" bat egongo da, antzerkiak ikustera joan ez arren dohaintzak egin nahi dituztenentzat.