Karitatearen Alaben Kongregazioarekin sinatutako 56.443 euroko hitzarmenari beste 24.000 euroko kreditu gehigarria ematea onartu egin du Getxok maiatzeko ohiko osoko bilkuran, udal-gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoekin eta EH-Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin. Horrekin, jantoki sozialaren proiektua lagunduko dute.
EH-Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hauxe adierazi dute: “udalak eskainitako udal-baliabide profesional baten bidez eman behar da zerbitzua eta ez da boluntarioen mende egon behar”. EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek, aldiz, honako hau jakinarazi dute: “kongregazioaren proiektu propio bati ematen zaion laguntza da, udaleko beste erakunde batzuei laguntzen zaien bezala”. Gizarte-kohesioko zinegotzia den Carmen Díazek hauxe nabarmendu du: “hirugarren sektoreari laguntzeko ematen den dirulaguntza da. Guztira, hemeretzi erakunderekin eta 65 proiektu sozialekin daukagu hitzarmena, baina horrek ez du esan nahi proiektu guzti horiek propiotzat hartu behar ditugunik”. Hau gehitu du Díazek:“gauza bat da kongregazio baten jantoki sozialaren proiektua eta beste bat jantoki sozial propioa duten udaleko eguneko nahiz gaueko arreta-zerbitzuak”.
Adierazpen Instituzionalak
Osoko bilkura honetan Udaleko Bozeramaileen Batzordeak egindako bi Adierazpen Instituzionalen berri eman da: LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira bata, eta larunbatean Algortan egondako gaztearen hilketa gaitzesteko eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko bestea. Azken puntu horrek liskarra eragin du eta elkarren aurka agertu dira batetik EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos, eta bestetik Alderdi Popularra. Lehenengoek bigarrenari aurpegiratu diote arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako adierazpenak sinatu izana eta “ordu batzuk geroago delinkuentzia eta immigrazioari buruzko hitzaldi publiko elektoralistak ematea”. PPk, bestalde, adierazi du “gogoan izan behar dugula etorkin batzuk lapurtzera datozela eta hori gertatzen dela Algortan, non arazo onartezina baitago, eta hori ez da arrazakeria”.
Liskarraren ondoren, Elkarrekin Podemosek aurreratu du ez duela PPren proposamenen alde bozkatuko osoko bilkura honetan, diskurtso “xenofobo eta arrazista” egiteagatik.
186 etxebizitza turistiko Getxon
Bestalde, Getxok 186 etxebizitza turistiko ditu 33.600 multzotik, hau da, etxebizitza guztien % 0,5. Horietatik 9 Portu Zaharrean daude (% 4,65). Hala adierazi du Alvaro González Ondareko zinegotziak, EH-Bilduk Getxoko pisu turistikoen hedapena gelditzeko aurkeztutako mozioari erantzuteko. Mozioa atzera bota dute. Tokiko Gobernuak adierazi duenez, "Udalak non eta zein baldintzatan sortu behar diren baino ezin du arautu, baina ezin du debekatu, ez baita bere eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Horiek arautzeko neurriak HAPO-Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzearen eskutik etorriko dira ".
Onartutako mozioak
Azkenik, lekukotza gisa, EH-Bilduren mozio bat onartu da LGTBI+ politikak aurrera eramango dituen udal-zerbitzu bat martxan jartzeko; Getxon diagnostiko bat egiteko; ekintza-plan bat sortzeko; Getxoko LTGBI+ kolektiboaren eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko plan bat diseinatzeko; udalerrian kolektiboari eta errealitateei buruzko sentsibilizazio- eta eraldaketa-lan bat egiteko, eta Getxoko pertsona eta mugimendu horiei partaidetza-espazioak eskaintzeko.
Publikoaren galde-eskeen txandan, beste auzokide batzuen artean, herriko lorezaintzaz arduratzen den enpresako langileen ordezkari batek parte hartu du. Duela 59 egunez geroztik greban dauden langileek greban egoteko arrazoiak, beren lan aldarrikapenak eta beren salaketak aipatu dituzte, beren ustetan grebarako eskubidea urratu delako. Osoko bilkuran esan dute ekainaren 10ean negoziazioarekin hasiko dela enpresarekin, Eusko Jaurlaritzak eskatuta.