Elikagaien bilketa solidario bat antolatu dute Sestaoko Albiz eta Kuetoko ikasleek
Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzaile berriak atera zaizkio. Bada, aste honetatik hasi eta maiatzaren 30era bitartean, galkorrak ez diren (hala nola kontserbak, arroza, pasta, olioa, haurtxoentzako elikadura, gailetak...) elikagaien bilketa solidarioa egongo da martxan. Ekimen hau Sestaoko Albiz eta Kueto ikasteteetako ikasleek abiarazi egin dute.
Kanpaina horretan parte hartu nahi duten guztiek elikagaiak utzi ahal izango dituzte Las Llanas eta La Benedicta kiroldegietan, Castaños eraikineko hallean, Musika Eskolan eta ekimen hau sustatu duten bi ikastetxeetan jarri diren saskietan, kanpainaren ostean baliabide gutxiko familien artean banatzeko.
Elikagaien bilketa hau Albiz eta Kuetok ikasturte honetan landu duten "Elikatuz berdintasunean" proiektuaren amaiera da. Ekimen horren bidez, zenbait etxetan dagoen desberdintasun soziala, pobrezia energetikoa eta elikadura-eskasia aztertu dituzte ikasleek. Horren guztiaren helburua da eskoletatik gertu dauden etxeetan batzuetan bizi den errealitateaz jabetzea eta gizarte hau bizitzeko leku hobea izan dadin laguntzea.
Bi eskoletako ikasleek, Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin eta Sestaoko Udalarekin elkarlanean, elikagaien bilketarekin lotutako ekimenetan parte hartu dute ikasturtean zehar. Ekimen horietako bat azaroan izan zen, Bizkaiko Elikagaien Bankuak egindako bilketa handian. Zentro horietako ikasleak boluntarioak izan ziren supermerkatuetan, besteak beste, herritarrak elikagaiak ematera animatu, elikagaiak bildu eta sailkatu eta, biltzeko orduan, elikagai beharrezkoenak zein diren azaltzeko.
Gainera, Elikagaien Bankuak Bilbon dituen banaketa-lokal batzuk bisitatu zituzten, erakundearen funtzionamendua gertutik ezagutzeko, eta, ondoren, Bankuko bi boluntario ikastetxeetara hurbildu ziren ikasleek zerbitzu horri buruz zituzten zalantza guztiak argitzeko. Esperientzia horien guztien ondoren, ikasleek beren aletxoa eman nahi izan zuten, eta Udalari proposamena egin zioten Sestaon elikagai-bilketa egiteko, Udalaren oniritzia jasota, martxan dabilen kanpaina hau, alegia.