Astelehen honetan, maiatzaren 20an, hasi ditu Basauriko Udalak San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak. Horretarako, 3.280.843 euroko aurrekontua bideratuko du, eta espero da lanek urtebeteko iraupena izatea. Obra horri esker, oinezkoentzako eremu atseginago bat sortuko da, eremu libre eta publikoak izateko beharrei erantzungo diena eta kaleen eta koten arteko konektibitatea hobetuko duena.
Proiektua idazteko eta zuzentzeko aukeratu zen enpresak hiru proposamen aurkeztu zituen, eta basauritarrek horietako bat aukeratu zuten partaidetza-prozesu batean: hain zuzen, ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalenak zituena.
San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko Hiri Berroneratze Planaren garapenaren mugarri berri honen xedea da sortuko den espazio publiko berria guztiz erabilgarria izatea herritarrentzat. Azken batean, helburua da erabilera anitzeko eremu bat sortzea, biztanleria-talde guztien lasaitasunarekin, gozamenarekin eta elkarreragin sozialarekin bateragarria izango den erabilera-banaketa izango duena.
Alde batetik, plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berriaren, gaur egungo zubiaren eta Autonomia kalearen sestrak, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko. Aukeratutako proposamenak kontuan hartzen ditu bereziki inguruko kaleak eta plazak (Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza bera), haien arteko konektibitatea hobetzeari begira. Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta.
San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak, kirol-arlokoak… egiteko. Hori horrela, plataforma nagusia irekita egongo da hego-mendebaletik (Arizgoiti plaza eta Kale Nagusia), eta inguruan integratutako harmaila zabalak izango ditu.
Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dira.