Aurten estreinatutako bi film eta 2023an estreinatutako beste bi proiektatuko ditu Ermua Antzokiak datorren astean. Ohi bezala, ostegunetik igandera bitartean ikusgai egongo diren filmak adin eta gustu guztietarako izango dira.

Programazioa ostegunean hasiko da zineklubaren saioarekin, 20:30etatik aurrera. Saioan Siempre nos queda mañana film luzea ikusi ahal izango dugu jatorrizko bertsioan, azpitituluekin (VOS), 119 minutu irauten duena. Paola Cortellesi zuzendariaren ekoizpen italiarra da. 1940ko hamarkadara garamatzan komedia dramatikoa. Udaberria da, eta familia osoa aztoratuta dago alaba zaharrenaren, Marcellaren, berehalako konpromisoarekin, zeinak klase ertaineko mutil atsegin batekin, Giuliorekin, berehala ezkontzea espero duen, familia deseroso horretatik libratzeko.

Sail komertzialean, lehen proposamena Álex Montoya zuzendariaren La Casa film espainiarra da. Aurten bertan estreinatutako komedia dramatikoa da eta 83 minutu irauten ditu. Aita hil ondoren, hiru anai-arreba elkartzen dira haurtzaroko udak igaro zituzten familiaren etxean. Etxebizitzarekin zer egin erabakitzea tokatzen da, eta hori uste baino zailagoa izango da. Gidoi onena eta Publikoaren saria Malagako Zinemaldian. Larunbatean 19:30ean eta astelehenean 20:30ean ikusi ahal izango dugu.

Asteko bigarren proposamen komertziala Hasta el fin del mundo da, Viggo Mortensen aktoreak zuzendutako ekoizpen iparramerikarra. XIX. mendeko western bat da. Vivienne Le Coudy, emakume guztiz independentea, Holger Olsen izeneko etorkin daniar batekin harremanetan hasiko da. Olsen San Frantziskon ezagutu ondoren, Viviennek bere etxera bidaiatuko du berarekin, Elk Flats herri lasaitik gertu. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahal izango dugu.

Azkenik, igandean arratsaldeko 5etan eta publiko gazteenarentzako emanaldian Garfield: la película 3D marrazki bizidunen filma ikusi ahal izango dugu. Mark Dindalek zuzentzen du eta aurten bertan estreinatu den ekoizpen iparramerikarra da. Mundu osoan ezaguna den Garfield, astelehenak gorroto dituen eta lasagna maite duen etxeko katua, abentura bat bizitzear dago kanpoko mundu basatian! Familia osoarentzako zinta egokia.