Síguenos en redes sociales:

Tabakoaren aurkako kanpaina abiarazi du Santurtzik

Urtero bezala, Santurtziko Udalak bat egingo du maiatzaren 31n ospatuko den Tabakorik gabeko Nazioarteko Egunarekin. Hori dela eta, Bizkaiko Minbiziaren aurkako elkartearekin bat eginez, kanpaina bat abiarazi egin du Udalak.

Gogoan izan behar da 2021az geroztik Udala elkarte horrekin batera lanean ari dela tabako-kerik gabeko gune ireki publikoak sortzeko, tabakoa erretzeko ohitura desnormalizatzeko espazio irekietan eta publikoetan, batez ere haur eta gazteen artean.

Horren harira, Karmele Tubilla Santurtziko alkateak prentsaurrekoan adierazi duenez, “tabakorik gabeko nazioarteko eguna hurbiltzen ari denez, beste urrats bat eman nahi dugu tabakoak pertsonen osasunean eta gure ingurune hurbileko eta ingurumeneko osasunean dituen eraginei buruzko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan. Jasotzen diren hondakinen artean, zigarrokinak dira nagusi, eta, tamainagatik oharkabean pasatzen direla uste badugu ere, gure kaleak eta ingurunea zikintzeaz gain, kutsatu ere egiten dute, eta, horrek, luzarora, ingurumenaren osasunari eta, ondorioz, pertsonen osasunari eragiten dio”.

Herriko ikastetxeen laguntza du kanpaina horrek, hala nola Bihotz Gaztea, Patronato, Serantes, Emilia Zuza, San Francisco Javier eta Carmelitas, eta baita beste batzuena ere: Osakidetzako Kerik Gabeko Guneen Sarea, Santurtziko Merkatari Batuak, Nasti de Plasti, Serantes Natur Eskola, Baobat Elkartea, Ocean Initiatives eta Surfrider Foundation.

Mila Gullón Álvarez Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko presidenteak adierazi duenez, “bai Udaletik, bai Bizkaiko elkartetik, seinale horiek betetzen eta espazioak errespetatzen jarraitu nahi dugu, baina ekimena ezagutarazten eta Santurtziko eragile berriak inplikatzen ere jarraitu nahi dugu”.

Gainera, Gullónek adierazi duenez, “horregatik planteatu dugu gaur aurkezten dizuegun ekintza garatzea, espazio berrien eta legean agertzen diren baina herritar guztiek ezagutzen eta errespetatzen ez dituzten espazioen ezagutza indartzeko”.

Bestalde, Ixone Andreu Gizarte Ekintzako zinegotziak jarduera zertan datzan azaldu du: "bilketa goizeko 11:00etan hasiko da parke nagusitik eta 12:00etan amaituko da irteera puntuan bertan, eta opari txiki bat emango zaie parte-hartzaile guztiei".

Udalak eta elkarteak nabarmendu dute bilketa hori higiene- eta segurtasun-bermeekin egiteko behar den material guztia erabiliko dela: eskularruak, pintzak eta zarama-poltsak. Gainera, parte-hartzaile guztiak besoko bereizgarri baten bidez identifikatuta joango dira.