Bizkaiko Foru Jauregia 1900eko uztailaren 31ean inauguratu zen baina Probintziako Jauregia izenpean, Diputazioa probintziala zelako. 1837ko urtarrileko 3ko Espainiako Erret aginduak, 1645etik Bizkaian Diputación General deiturikoa, Diputación Foral bihurtu zuen, probintzialetik bereizteko. Aurrerantzean, Foru Aldundia, Foruen bidezko Batzar Nagusietan aukeratutakoa izango zen, Probintziala aldiz, Espainiako 1837ko Konstituzioren arabera. Espainiako gobernuak 1877ko maiatzaren 5ean ezabatu zuen Foru Diputazioa eta beraz 1900.ean Diputazio probintziala zegoen Bizkaian agintari.

‘Diputaciones vasco-navarras so el árbol de Guernica” (1900-VIII-1). | ARGAZKIA: ALBUM SALON ALDIZKARIAN ARGITARATUA. BARCELONA. 1900

Pablo Alzola, Bizkaiko Aldundiko presidentea izan zenean, (1887-1891), Ekonomi Itunaren jarraipena bermatu ondoren, 1890ean egoitza berria burutzeko deialdia egin zuen. Bilbon honezkero, Arriaga antzoki berria egina zen (1887) eta Bilboko udaletxe berria 1892an zabalduko zen. Bilbo eta Bizkaia eraberritzen ari ziren. Adibidez, Bilbo, Abando, Begoña eta Deustuk 1860ean 29.482 biztanle zituen eta 1900ean 93.250, urteko %3,8 hazkunde izugarria izatera iritsi zen. Bizkaian, hirutik bat Bilbo aldean bizi zen, guztira 311.361 biztanle baitzituen.

A. Guineak egindako jatorrizko margoa, Aldundiko beiratea bihurtzeko.

Bilboko ardatza plaza biribiletik plaza eliptikorantz hedatzen ari zen eta azken honetan 1889an Victor Chavarrik bere Jauregi ikusgarria eraiki zuen. V. Chavarri industria-lider nagusia zen, monarkiko-kontserbadoreen Piña izeneko talde politikoko liderra eta 1900 urtean gehiengo politikoa erabatekoa zuen Bizkaiko Aldundian: 11 diputatu probintzial gehi beste 2 ildo bereko batasun liberaleko kide eta erakundeko presidentea Enrique Aresti. Karlistak 5 diputatu ziren, 1 foruzalea eta 1 jeltzalea, Sabin Arana hain zuzen ere.

Baina gogoratu behar, Bizkaiko Foru Aldundiak meategietako esparruan 8 kilometroko trenbidea eraikitzea erabaki zuela, burdin mea Galindoko portura garraiatzeko. Oztopo politiko asko gainditu ondoren, 1865ean inauguratu zuen Trianoko edo Diputazioaren trenbidea. Enpresa publiko honek izugarrizko etekinak sortu zituen, XIX mendeko azken hamarkadetan, Bizkaiko aurrekontuetan ohiko diru sarreren %30. Enpresa publiko honek, ahalbidetu zuen, Foru Jauregi berria eraikitzea. Urte berean Bilboko kanpoko portua zabaltzen ari zen eta 1902an, burdinaren produkzioko enpresa nagusienek bat eginik, Altos Hornos de Vizcaya sortu zuten.

Deialdi publikoa, Jauregia egiteko. (1890)

Deialdi publikoa, Jauregia egiteko. (1890) Joseba Agirreazkuenagaren erreportajea

Inaugurazio ekitaldia 1900eko San Inazio egunean

Bilboko Plaza Barriko Diputazio etxea Antonio Etxebarria arkitektoak 1849an amaitu zuen, gaur egun Euskaltzaindiaren egoitza duguna. Lehenago, Gernikako Batzar Etxeari ekin zion eta bertan Batzar Nagusiak bildu ziren 1831n lehendabizikoz. A. Etxebarriak erabili zuen estilo arkitektonikoa neoklasikoa izan zen, fatxada soila, erregularra, hornikuntza gabekoa, arau klasikoetan oinarrituz, edertasun iraunkorraren bila.

Francisco Mendietaren margoa (1609), Bizkaiko agintaritzaren erakusle.

Diputazioko Jauregi (“Palacio de la Corporación”) berria eraikitzeko, 1890eko deialdi publikora 21 proiektu aurkeztu ziren eta azkenik, diputatu probintzialez osaturiko batzordeak, Burnia izenpeez aurkezturiko proiektua aukeratu zuen, Luis Aladren arkitektoarena. Eraikin funtzional baterako memoria burutu zuen baina azken batean % 25 baino ez zen bihurtu erabilgarri. Gainerakoa, Jauregi handi eta monumentaleko eskailerak, patio banatzaileak eta korridoreak dira, ikusgarritasun ederreko eraikina, zergadunak eta herritarrak ikaratzeko eta gaur egun Jauregiko bisitariak liluratzeko bestekoa. Bere horretan, berba egiten digu eraikin publiko monumentala zen, bakartua zen garaian bereziki.

L. Aladrenek, Donibane Lohitzuneko euskal arkitektoa kontratatu zuen laguntzaile gisa, Jean Baptiste Darroguy, hornikuntza modernistan aritzeko. Gerora Bilboko ekimen pribatuko beste eraikin batzuetan nabarmendu zen, Coliseo Albiako fatxadan edo Alameda Rekaldeko etxe modernistan.

L. Aladrenek eklektizismoa landu zuen, arkitektoaren sormenaren adierazgarri, hau da, A. Etxebarriaren arkitektura klasikoaren kanon harmonikoekiko arauen aurrez aurreko erreakzioa. 1891eko urtean Jauregi berrirako proiektatutako lau fatxadek modu askean asmatu eta buruturikoak dira. XVII. mendeko Jauregi barrokoa ere ekartzen du gogora, eta horror vacui premisa barrokoa aplikatuz, espazio hutsik gabea, dekorazio mota guztiekin gainkargaturik dugu. Barrualdean, marmolak, ispiluak, eskaiolak, beirateak, zeramikak eta inspirazio modernistako metalisteria gailentzen dira. Bestalde, areto batzuk, errenazimendu klasikoaren berezko elementuekin apaindua izan zen, altzariak Madrilgo Suárez etxeko tailerrak zizelkatuak.

Bost solairuko eraikinak, Trianoko trenaren eta beste lan publikoak kudeatzeko bulegoak, zergak biltzeko bulegoak, artxiboa, inprenta-tailerrak eta idazkariaren etxebizitza ditu.

Eraikuntzaren kostua 3 milioi pezetatik gorakoa izan zen, urteko ohiko aurrekontua 11 milioi pezetakoa zenean. Gaur eguneko 3.400 milioi euroko kostua, 10.308,2 eurokoa baita 2024eko Bizkaiko aurrekontua.

Inaugurazio ekitaldia plaza barriko Diputazio etxean hasi zen eta bertara Enrique Aresti Bizkaiko presidenteak, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako diputatu probintzialak gonbidatu zituen. Santiago elizako katedralerantz abiatu ziren eta meza ostean Jauregi berrirantz. Bazkaldu ondoren, itsasontziz kanpoaldeko portu berria bisitatu eta hurrengo egunean, trenez, Gernikako arbolara joan ziren eta bertan ondoko argazkia hartu zuten.

Bizkaiko alegoriak: Anselmo Guinea eta Francisco Mendieta margolariak

Foru Jauregiaren bisitaldiak, Bizkaitarren iraganaz hausnartzeko aukera ere ematen digu. Estanislao Labayru eta Carmelo Echegaray historialariek, beirateko margoak Bizkaiko iragana beste etorkizuna iragarri behar zuela, erabaki zuten eta batzordeak zehazki zer pintatu agindu zion, esanez, “Bizkaiak zientziak, letrak eta arteak izan behar ditu ikurtzat”.

A. Guinearen margoa, Antonio Rigaltek beirateria ederra bihurtu zuen, sarrerako eskilara buruan duguna: Bizkaia, andre ederra bezain ideala ageri zaigu, Gernikako Batzar etxeko tenpletearen aurrean, askatasunaren haritza eta “askatasun eguzkia”, egunsentian duela, Sabin Aranak 1896ean argitaratu zuen poeman, Askatasun eguzkia, beharbada, oinarriturik. Aurrez aurre, erdi gunean, Bizkaiko heroia belaunikaturik, metalurgiazko langilea, industria berriko protagonista. Baserritar eta arrantzaleak, artistak eta Foru alkateen aginte ezaugarriez, txusoa barne eta Bizkaiko bandera daraman beste bat, agian bere garaiko adiskide agintarien erretratuak eta ezkerrean Anselmo Guinea beraren autoerretratu bat, ikusleari begira. Bizkaiaren aurrerapena erakusteko, joko didaktiko argia sortzen du, iragana ezker aldean eta oraina eskuinean, trena, Bizkaiko labe garaietako tximinia ketsuekin eta Sota-Aznar merkataritza-ontzien anagramez. Andrazko eta gizonezko kopuru berberean, guztiak direlako Bizkaiaren sortzaile eta eragile.

Francisco Mendietaren koadroa (1609), agintaritzaren erakusle

Foru Jauregian, 1609ean F. Mendietak amaitu zuen koadro ezagunaren kopia dago: Bizkaiko agintaritzaren alegoria, teoria kontraktualean oinarriturik, foruzaleen diskurtso politikoaren muina. Jatorrizkoa, 1785ean Bizkaiko Aldundi Nagusiak erosi zuen eta Anselmo Guineak, 1889an zaharberritzeko enkargua jaso zuen eta Mendietaren sinadura aurkitu zuen. 1913etik Arte Ederren Museoan erakusgai zegoen eta Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, 1936eko azaroaren 20ean, Jose Antonio Agirre lehendakariaren bulegora eraman zuten, 1936eko Autonomia Estatutuaren dimentsio historikoa nabarmentzeko.

Foru Jauregiak, jatorrizkoaren tamaina berdineko kopia behar luke burutu bere horretan sarreran erakusteko, hau da leku nabarmenean.

A.Mendietak, XVII mendean Bilbon egiten zen euskaran azaldu zuen margoaren esan nahia eta ortografia gaurkotuz, honela dio:

“Hau da nola mila eta lau ehun eta hirurogei eta hamasei urteetan garagarrilen hogeta hamargarren egunean errege jaun Fernando bost garrena Gernikako arbolen behean bizkaitarrai konfirmadu eginezan euren foruak eta eurak bera jauntzat ekutea”.

Mendietak euskara hizkuntza ofiziala bihurtu zuen. Beste esaldiak, molde txikian, gaztelaniaz eta latinez ageri dira. Zuhaitzaren goiko aldean: “Aquí el principe más noble de cuantos hubo y guerrero, juró a Bizcaya su Fuero debajo de aqueste roble”, hau da, 1452eko Forua. Ezkerrean irudikatuta Gernikako haritzaren ondoan zegoen Gernikako Antiguako Andre Mariaren ermitaren irudia izan daiteke. Goiko eskuineko ertzean, Bizkaiko aberastasunaren irudikapen mitologiko bat agertzen da, Bizkaiko protagonistez inguratuta: itsasgizona, olagizona, baserritarra eta latinez dio “nire eskubide propioa izan zen” hau da Bizkaiko zuzenbide propioaren aldarria, Forua XV. mendeko elizateak eta hiribilduek osatutako Bizkaiko paisaia irudikaturik dugu eta Urdaibaiko itsasadarreko mendi lerroa marraztu zuen, Gernikaren portu handi bihurtzeko ahalegina aldarrikatuz, “itsasotik munduko mugetaraino”.

Gernikako haritzak eta erregearen irudiak hartzen dute espazio zentral nagusia. Baina bestalde, Gernikako Batzar Nagusian, emakumeak ere protagonista bihurtzen ditu, emakume aberatsak erabiltzen zituzten buruko bereziak ondo nabarmenduz. Andre ezkongabe eta birjinek, aldiz, txirikordaz edo kiribilez erakusten zuten burua. Emakume gehiago daude ordezkatuta gizonak baino, eta badirudi andrazkoek etxeko ekonomian zuten agintea, esparru publikoan ere beharko luketela izan, aldarrikatzen duela. Bizkaiko 16 zaldun identifikatu daitezke armarrien arabera. Pedro de Salazar eta Tristan Diaz de Leguizamon Portugaleteko eta Bilboko prebosteak jantzi ikusgarriak dituzte aldean, kateak eta eraztunak.

Francisco Mendieta, Menagarain jaio 1556ean, Aiaraldean (Araba), eta 1620 inguruan hil zen. Aipaturiko koadroan eskuin aldean bere erretratua ageri zaigu. Polifazetikoa eta errenazentista izan zen, margolaria eta historialaria, kezka politiko eta sozialetan murgildurik. Adibidez, 1607ean, Bilboko artisauekin bat eginik, Bilboko Udaleko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuen.

Laburbilduz

Bizkaiko Foru Jauregia irekia dugu eta merezi du bai bisita, Bizkaiko historiako agintaritzaren esperientzian murgiltzen garelako eta bertan hainbat arte lan ikusgarri gehiago dugulako zain.

Egilea

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (1953). Historia garaikidean Katedraduna eta ikerketa taldeburua (UPV/EHU) eta Eusko Ikaskuntzan, Historia sailburua, presidenteordea eta presidentea (1992). ICHRPIko presidentea, (International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions), Nazioarteko zientzi historikoen elkartean (CISH-ICHS). 2019ko Euskadi Ikerkuntza Saria. 24 liburu argitaratu ditu, azkenak, ‘The making of the Basque question’ (2011), ‘Euskal Herritarren burujabetzaz’ (2012) eta ‘De los vascos sin historia a los vascos con Historia’ (2017).