Datorren igandean, apirilaren 28an, goizeko 11:00etatik aurrera, Galdakaoko Herri Krosaren hamabigarren edizioa ospatuko da. Ohi bezala, Galdakaoko Atletismo taldeak Udalarekin elkarlanean antolatutako lasterketa hau Urretako kiroldegiko inguruan egingo da.

Dagoeneko aldez aurreko izen emateak zabalik daude apirilaren 25era arte klubaren webgunearen bidez. Webgunearen bidez online izena emateaz gain, probaren egunean bertan eman ahal izango da izena antolakuntzaren standean. Prezioak honako hauek izango dira:

  • Izen emate orokorra (apirilaren 25a baino lehen): 10 euro
  • Aurretiko izen ematea 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaioak) eta kategoria paralinpikoa: doakoa
  • Izen emate orokorra probaren egunean bertan: 15 euro
  • Izen ematea 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaioak) eta kategoria paralinpikokoa probaren egun berean: 5 euro

Herrikoia da Galdakaoko Herri Krosa, eta beraz, federatuta dauden korrikalariak zein federatu gabekoek parte har dezakete asfalto gaineko hiri zirkuituan.

Kategoriak eta distantziak honako hauek izango dira:

1.927 metroko zirkuitua. Asfaltatua. 

  • Benjaminak (2014 eta 2015 urteetan jaioak) Irteera ordua: 11:00. Distantzia: 600 metro. Itzuli bat “A” zirkuituari. 
  • Kimuak (2012 eta 2013 urteetan jaioak) Irteera ordua: 11:15. Distantzia: 1.000 metro. Itzuli bat “B” zirkuituari. 
  • Haurrak eta Kadeteak (2009, 2010 eta 2011an jaioak) Irteera ordua: 11:30. Distantzia: 2.000 metro. Bi itzuli “B” zirkuituari. 
  • Paralinpiar kategoria Irteera ordua: 11:45. 1. Kategoria egokitua (distantzia: 1.000 metro. Itzuli bat “B” zirkuituari). 2. Kirol trebetasunak (distantzia: 2.000 metro. Bi itzuli “B” zirkuituari).
  • Gazteak (2006 eta 2007urteetan jaioak), Juniorrak (2004 eta 2005 urteetan jaioak), Seniorrak (34 urtera arte) eta Beteranoak (35 urte edo gehiago). Irteera ordua: 12:00. Distantzia Gazteak-Juniorrak: 3.854 metro. Bi itzuli “C” zirkuituari. Distantzia Seniorrak-Beteranoak: 7.708 metro. Lau itzuli “C” zirkuituari.

Parte hartuko duten kirolariek Urretako kiroldegiko aldagelak erabili ahal izango dituzte.

Sariei dagokienez, senior kategoriako irabazleei (lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa) garaikur bat eta txapel bat emango zaizkio, bai eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuko lehen hiru sailkatuentzako diruzko sariak ere: 150 euro (1. mailakoa), 90 euro (2. mailakoa) eta 60 euro (3. mailakoa).

Kategoria absolutuan sailkatzen den herriko lehen gizonezko eta lehen emakumezkoarentzat ere saria egongo da, eta baita garaikurrak lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean. Dortsala jasotzean, partehartzaile guztiei probaren oroitzapenezko kamiseta bat oparituko zaie, eta poltsa bat emango zaio parte-hartzaile bakoitzari helmugara iritsi bezain laster, elikagaiekin eta freskagarriekin.

Gainera, sarien zozketa egingo da proba amaitzean.