Datorren igandean, apirilaren 21an, ospatu egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bada, INE hauteskunde institutuak ezagutzera eman du Galdakaoko eta Usansoloko emaitzen datuak batera eskainiko dituela, iazko abenduaren 22tik ofizialki udalerri berezituak diren arren. Horren harira, hauteskundeetarako errolda abenduaren 1ean itxi zela azaldu du institutuak, eta beraz, abenduaren 22ko erabakia ez duela aintzat hartu.

Hala ere, INEk ezagutzera eman du baita ere hauek izango direla bi udalerrien datuak batera eskainiko dituen azken hauteskundeak eta, beraz, jada ez da berriro halakorik gertatuko Estatistikako Institutu Nazionalaren alorrean.

Galdakaoko Udala saiatu da hauteskundeetarako errolda egungo errealitatera egokituta egon dadin. Usansolo udalerri izendatu aurretik ohartarazi zuen iristear zen aldaketaz, eta ondoren ere saiatu da INEk egokitzapenak egin ditzan. Eguneraketarik ez da egin, ordea, eta beraz, datozen hauteskundeetan herri bakoitzak lortutako emaitza zehatza ezingo da jakin. Izan ere, Galdakaoko Bekea, Bekelarre, Basozabal eta Itzaga auzoetako biztanleek Usansoloko hauteslekuetan emango dute botoa hauteskunde hauetan, orain arte bezala. 159 biztanle bizi dira lau auzo horietan.

Hortaz, datorren igandeko emaitzen zerrendetan batera emango dira Galdakaoko eta Usansoloko datuak, azkenekoz. INEk jakinarazi duenez, ekainean egingo diren Europako hauteskundeetarako behar bezala bereizita egongo dira Galdakaoko eta Usansoloko hauteslekuak, eta beraz, orduan bai, banatuta eman ahalko dira datuak.