Galdakaoko Udalak, Egaz Txorierri eta Spri elkarteekin elkarlanean, herriko industria eta merkataritza enpresei digitalizaziorako bidea egiten laguntzeko formazioa eskainiko die, euren arrakasta eta iraupenerako.

Galdakaoko Udalak enpresen digitalizaziorako Suspertze Digitala proiektuan parte hartzen du Egaz Txorierrirekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkai Orekan Sakonduz programaren eskutik, eta egitasmo horren barruan kokatzen da formaziorako ekintza hau.

Zehazki, tailer teoriko eta praktikoak eskainiko zaizkie enpresariei, eta SPRI-ko Inplantalariak programako teknikarien eskutik aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute, doan. Saio guztiak Sondikan, Egaz Txorierriren pabiloian izango dira, 09:30etik 12:30era, eta bi multzotan banatuko dira tailer horiek enpresa motaren arabera.

Industria eta handizkako merkataritzako enpresentzat, adimen artifizialaren laguntzarekin salmentak bultzatzeari buruzko bi tailer eskainiko dira:

  • Apirilaren 23an. ‘Bilakaera salmenten munduan: Konkistatu zure bezeroak adimen artifizialarekin’.
  • Maiatzaren 9an. ‘Adimen artifiziala arrakastaz inplementatu: Smart Data zure eskaeretan eta salmentetan’.

Garraio zein logistikako enpresentzat eta handizkako banaketan aritzen direnentzat hiru tailer egingo dira, negozioa digitalizatuta eraginkortasuna areagotzen laguntzeko.

  • Maiatzaren 20an. ‘Modu seguruan kudeatu eta komunikatu. Saihestu ezustekoak’.
  • Maiatzaren 27an. ‘Zereginak adimen artifizialarekin automatizatu, denborak murrizteko’.-  Ekainaren 10ean. ‘Aplikatu Sensorika eta ezagutu denbora errealean zer gertatzen ari den’.

Interesa dutenek Galdakaoko Udalaren Sustapen Ekonomiko arlora jo dezakete izena emateko zein zalantzak argitzeko, 94 401 0 580 telefono zenbakira deituta edo behargintza@galdakao.eus korreora idatzita.