Síguenos en redes sociales:

Emakume batek jasandako eraso sexista gaitzesteko kontzentrazio bat egingo da bihar Barakaldon

Asteazken honetan, apirilaren 3an, eguerdiko 12:00etan, erasoa jasan duen emakumearen baimena jaso ondoren, Erasoen aurkako Mahaiari jakinarazi zaio, eta, protokolo berari jarraituz, gaitzesteko eta kondenatzeko elkarretaratzea deitu da. Erantzun Publikorako Protokoloa aktibatzeko. Horrez gain, Barakaldoko Udalak gaitzetsi egin du udalerrian jasandako azken eraso sexista

Gertakariak joan den ostiralean izan ziren, 12:00etan. Emakumea Lasesarre inguruan aparkatutako ibilgailu baten barruan zegoen, eta gizon batek eraso egin zion leihatilatik, eta bularra ukitu zion. Udalak, Emakumearen Arloaren bitartez, eskura dituen baliabide guztiak eskaini dizkio erasotuari (arreta psikologikoa, laguntza juridikoa...)

Erasoen aurkako Mahaia hiriko elkarte feministek, emakume-taldeek, LGTBIQ+ kolektiboak, Udaltzaingoa-Ertzaintzak, Emakumearen Arloko berdintasun-teknikariak eta udaleko alderdi politikoek osatzen dute. Kasu honetan, Erantzun Publikorako Protokoloari jarraituz, gaitzespen-elkarretaratzea deitu da Herriko Plazan. Udalak gaitzespen-ekitaldi horrekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak, Barakaldok inolako sexu-erasorik onartzen ez duela argi uzteko.

Barakaldon gertatutako indarkeria matxista dela-eta, Barakaldoko Udalaren adierazpena

Barakaldoko Udaleko alderdi politikoek hau adierazi dute komunikatu ofizial batean:

  1. Barakaldoko Udalak erabat gaitzetsi nahi du gure udalerrian gertatutako indarkeria matxista. Hala, gure babes osoa erakutsi nahi diogu erasoa jasan duen pertsonari, eta haren esku jarri nahi ditugu une honetan behar ditzakeen udal-baliabideak.
  2. Barakaldoko Udalak gogorarazi nahi du indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria ez ezik, lehen mailako arazo soziala ere badela, indarkeria bizi duten eta egoerari aurre egin behar dioten emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako indarkeria baita. Indarkeria matxista ez da gertakari isolatua; aitzitik, sinesmen-sistema batean oinarritutako balioen eta jokabideen sare baten parte da. Emakumeak gizonen mende egotearen ideia eta gizarte honetan beste adierazpen- eta portaera-modu batzuk zigortzearen ideia daude sistema horren oinarrian. Hori horrela izanda, Barakaldoko Udaletik argi eta gari utzi nahi dugu erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota.
  3. Barakaldoko Udala, erakunde publiko gisa, konprometituta dago lanean segitzera indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta emakumeek eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek giza eskubideak oso-osorik bermatuta izan ditzaten. Horretarako, udalerriko hiritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politikak bultzatuko ditu. 
  4. Horregatik guztiagatik, Barakaldoko Udalak dei egiten du 2024ko apirilaren 3an, 12:00etan, Herriko Plazan, indarkeria matxistako ekintza horren aurka ager daitezen. Indarkeria matxistaren aurka modu aktiboan parte hartzera animatzen dugu, udalerria osatzen dugun pertsona guztien artean indarkeria matxistarik gabeko Barakaldo eraikitzeko aukera izan dezagun.