Datorren larunbatean, martxoaren 23an, Naturaren aldeko Mundu Fondoak (WWF) martxan jarritako eta natura eta klima defendatzeko helburua duen Planetaren Ordua ekimenarekin bat egingo du Getxoko Udalak, urtero bezala.

Ohikoa denez, Udalak hainbat tokitako argiak amatatuko ditu ordubetez, 20:30etik 21:30era: Andrés Isasi Musika Eskolakoak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-luminariak, Areetako kaikoak eta Portu Zaharreko zelaiguneko argi apaingarriak.

Bestalde, ekitaldiaren antolakuntzak proposatzen du, bere web orriaren bidez eta hilaren 23ra arte, hainbat jarduera egitea, “natura zaintzeko orduak gehitzeko”: naturaren eszenak marraztea, margotzea edo argazkiak ateratzea, inguruneko biodibertsitatea deskubritzea, aire zabalean ariketa fisikoa egitea...

Kanpainan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea hemen.

Argiak Endometriosi, AEN eta Fibromialgiarengatik

“Planetaren ordua” dela eta, larunbat honetan, hilak 23, 20:30etik 21:30era, toki esanguratsuetako argiak amatatuko diren arren, aipatutako ordu hori baino lehenago eta beranduago eta bezperako egunean, martxoaren 22an, horiz argiztatuko dira Areetako kaia, udal igogailuak eta abar, Endometriosi gaitza ikusarazteko.

Gaixotasun kronikoa eta sendagaitza da eta 10 emakumeetatik batek pairatzen du. Sintomak hainbat izan daitezke: ohikoena pelbiseko mina da (hilekoarekin, sexu harremanekin…), baita antzutasuna eta ernalezintasuna ere.

Bestalde, apirilaren 1ean eta 2an, leku berberak urdinez argiztatuko dira AENrengatik, autismoaren espektroko nahasmendua, sarri bizitzako lehen 2 edo 3 urteetan agertzen dena. Maiatzaren 11n eta 12an ere urdinez piztuko dira Fibromialgia eta Neke Kroniko-Sindromeagatik.