Tokiko administrazioak 2024-2026 urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu duela iragarri berri du. Dokumentuak datozen hiru urteetan herrian euskararen erabilera eta sustapena areagotzeko neurri eta ekintza zehatzak ezartzen ditu eta, besteak beste, hiru erronka nagusi identifikatu dira: sentsibilizazioa lantzea, interakzioa bideratzea eta gaitasuna areagotzea.

Erronka horiei erantzuteko helburuarekin, lau ardatzetan egituratzen den ekintza plana diseinatu da (Gobernantza, Jabekuntza, Erabilera eta Elikadura). Bertan, 39 neurri jasotzen dira eta, guztira, 108 ekintza zehaztu dira datozen urteetan garatzeko. “Amorebieta-Etxanoko Udalak berretsi egiten du euskara sustatzeko eta zaintzeko konpromisoa, bai kultura arlotik eta baita hizkuntza-ondare gisa ere”, adierazi dute udaleko arduradunek.

2023an Udalak azken lau urteetan egindakoaren ebaluazioa eta diagnosia egiteari ekin zion. Ebaluazioak erakutsi zuenez, proposatutako ekintzen %83,7 burutu zirela ondorioztatu zen. Horrez gain, ebaluazio kualitatiboa egin nahian, herriko hainbat eragilerekin batzarrak egin ziren egindakoaren inguruan iritziak jasotzeko eta aurrera begirako proposamenak lantzeko.

Lanketa horrek, etorkizuneko erronkak antzemateko balio izan zuen. Alde batetik, sentsibilizazioa lantzea. Hau da, euskal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz kontzienteago izateko; era berean, erdal gaitasuna nagusi duten hiztunen artean, euskararen errealitateaz jabetu eta hobetzen joateko.

Bigarren erronka, interakzioa bideratzea izango da. Izan ere, beharrezkoa da euskal hiztunen arteko interakziorako sareak sortzea. Eta hirugarrena, gaitasuna areagotzea. “Euskaraz maila ona eduki arren gaztelaniaz bestekoa ez duten horien gaitasunean eragin behar da. Halaber, euskaraz ezertxo ere ez, edo oso gutxi dakitenengan eragiteko bide erakargarri eta eraginkorrak bilatu behar dira, horiek euskarara hurbiltzeko”, azpimarratu dute.

Labur-Labur

Euskara. Amorebieta-Etxanoko Udalak 2024-2026 urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartu du.

108 ekintza. Plana lau ardatzetan egituratzen da: Gobernantza, Jabekuntza, Erabilera eta Elikadura. Bertan, 39 neurri jasotzen dira eta, guztira, 108 ekintza zehaztu dira hurrengo hiru urteetan bideratzeko.

Erronkak. Sentsibilizazioa lantzea, interakzioa bideratzea eta gaitasuna areagotzea.