'Orain bi familia ditut' lelopean bilatuko ditu aurten udan etxean saharar umeak hartzeko boluntarioak ATFAL Sahararen aldeko Getxoko Elkarteak, Getxoko Udalarekin elkarlanean. 'Oporrak Bakean-Vacaciones en paz' ekimen solidario honetan parte hartzeko izena emateko epea apirilaren 15ean itxiko da.

8 eta 9 urte bitarteko saharar haurrei, uztailean eta abuztuan, Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen kanpamenduetako errealitate gordina ahaztu ahal izateko aukera eskaintzen die programak. Helburuak dira adingabekoen oinarrizko beharrizanak asetzea aipatutako hilabeteetan; azterketa mediko orokorra, begietakoa eta hortzetakoa ahalbidetzea; beren bizilekuko klima gogorra pairatzea ekiditea, tenperaturak 55ºCra iritsi ahal direlako; trukaketa kulturala, eta getxotarren artean Saharako herriak bizi duen egoeraz sentsibilitatea sortzea. 

Aldi baterako harrera-programa honetan udalerriko egoiliarrek zein bertan lan egiten dutenek har dezakete parte.  

Ekimenaren ezaugarriak

  • Saharako umeak familietan integratzen dira eta apurka-apurka beraien bizimoduetara ohitzen dira.
  • Udan zehar zenbait jarduera egiten dituzte: txangoak, zaldi gainean ibiltzea, Sahararen Eguna Algortako jaietan, herri-bazkariarekin, eta abar. Jarduera horietan Saharako umeek eta beraiek hartzen dituzten familiek partehartu ahal izaten dute.
  • Aldian behingo topaketak egiten dira, familiak modu boluntarioan joan daitezen eta elkartearekin eta gainerako familiekin iritziak trukatzeko.
  • Begirale bat dago, edozer gauza gertatuz gero familiek berarenganajo dezaten.
  • Saharar umeei eta beraiek hartzen dituzten familiei Getxo Kirolakeko txartela emango zaie harrera hilabeteetan, instalazioak erabili ahal izateko, baldin eta familiak Getxo Kirolakeko bazkide ez badira. 

Udalak, besteak beste, honako gastu hauetarako ematen du diru-laguntza: kanpamentuetatik etortzeko eta joateko bidaiarako, txangoetarako eta ekitaldietarako. Pertsona interesatuek izen-ematea egin edo informazioa eska dezakete 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com edo Getxoko Udaleko Lankidetza sailean, 94 466 00 17 / lankidetza@getxo.net . 

Hiru tona Karabanarako

Aurten 3.048 kilo elikagai eta oinarrizko produktu higieniko bildu dira saharar herriaren aldeko Euskal Karabana Solidariorako. Udala ekimen horrekin elkarlanean ari da, Aljeriako Tinduouf kanpamentuetan errefuxiatu sahararrek bizi duten elikadura-krisia arintzen laguntzeko. Bilketa udalerriko ikastetxeetan eta Getxo Kirolakeko instalazioetan egin da. 

Azkenik, gaur, otsailaren 27an, saharar bandera dago da eskegita Udaletxean, urtero bezala, SEAD: Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren eguna delako. Gogoratu, Getxo Bir Ganduz-eko daira-rekin senidetuta dagoela 1994. urtetik, osoko bilkuran aho batez hartutako akordioa dela eta.