Larunbat honetan, otsailaren 24an, iluntzeko 20.00etatik aurrera, We Are Apes, Hello! eta Detroit taldeek indarrak batuko dituzte beren musika ermuarrei hurbiltzeko. Hala, Lobiano kulturguneko auditorioan punk-pop doinuak entzun ahal izango dira, bi taldeek 'Jugamos como nunca y perdimos como siempre' izenburupean argitaratutako splitari esker.

Kontzertura joan nahi izatekotan, sarrerak egunean bertan egongo dira salgai 5 euroan, edo aldez aurretik herriko Esférico kirol dendan eta Eibarko Ez Dok Zaizoi tabernan.

Andoni Conde ermuarrak (gitarra eta ahotsa) eta Mikel Pizarro eibartarrak (bateria) osatzen dute 2016tik We Are Apes, Hello! (WAAH) power bikotea. 2017an lehen EPa argitaratu zuten, A Kind of Sickness, 80ko eta 90eko hamarkadetako pop-rock eta punk-rocketik eta egungo rock alternatibotik jasotako inspirazio nagusiak erakutsiz. 2020an, taldeak Barakaldoko Hiriko Soinuak lehiaketa irabazi zuen, eta, horri esker, Something Happier bigarren lana grabatu ahal izan zuten.

2023an, We Are Apes, Hello! taldeak indarrak batu zituen Enkarterriko Detroit punk-rock hirukotearekin split edo kolaboraziozko disko bat grabatzeko: Jugamos como nunca y perdimos como siempre. Lan honetan, talde bakoitzak bi abesti jaso ditu, WAAHren kasuan, euren ibilbidea hasi zutenetik gaztelaniaz argitaratzen dituzten lehenengo bi kantuak direnak.

Larunbat honetan, hilak 24, kantu berri hauek zuzenean entzuteko aukera izango dugu 20:00etatik aurrera, baita euren ibilbideko doinurik esanguratsuenak ere.