Síguenos en redes sociales:

Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako tailerrak eskainiko ditu Sestaok

Emakumeak Alhalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskolak ikastaro berri bat eskainiko du, martxoan hasi eta maiatzera arte luzatuko dena. Astearte honetan goizean Sestaoko Udaleko Berdintasuneko zinegotzi den Flori Núñezek ekimenaren nondik norakoak azaldu egin ditu.

Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskola Sestaoko Udalaren IV. Berdintasun Planean jasotako ekimena da. 2019an sortu zen, eta, harrezkero, berdintasunaren arloko programazioaren barruan finkatzea lortu du. Izan ere, emakumeen artean izandako arrakasta handiaren, eta ikastaro eta tailer horietan parte hartzeko erakutsitako interesaren erakusgarri da Udalak eskaintzen dituen plaza guztiak betetzea.

Flori Núñezek gogorarazi duenez, Emakumeak Ahalduntzeko eta Prestakuntza Feministarako Eskola "Sestaoko emakumeentzako topagune bat da, praktika eta teoria feministetan murgiltzen gaituena; elkarrekin partekatu, hausnartu eta elkarrengadik ikasteko aukera ematen diguna; eta, gainera, geure burua banaka zein taldeka zaintzeko denbora eskaintzen diguna".

Ikasturte honetarako, Eskolak zortzi tailer eskainiko ditu, lau goizez eta beste lau arratsaldez.

Goizez lau tailer hauek egingo dira: "Elikadura kontzientea", "Artearekin sentitzea", "Antzerki-tailerra" eta "Berriz ere barre egiten ikasi". Arratsaldez, berriz, tailer hauek egingo dira: "Buztin polimerikoa", "Erremintekin zoratuta", "Arnasketa tresna feminista gisa" eta "Eutsi. Yoga eta Ahalduntzea ".

"Ikasturte berri honetan landuko ditugun gaiak askotarikoak dira, eta tailerrek elikadura, ongizate emozionala, brikolaje pixka bat, sorkuntza... jorratuko dituzte. Sestaoko emakumeek beraiek helarazi dizkiguten proposamenei erantzun nahi izan diegu gai horiekin ", adierazi du zinegotziak.

Ikasturte honetako berrikuntzen artean, Eskolak Euskaltegiko instalazioak erabiliko ditu eskainitako ikastaroetako batzuk egiteko. Gainerakoak Vicente Uribe Enpresa Haztegian, Musika Eskolan eta Gaztelekun egingo dira.

Izena emateko epea otsailaren 22tik martxoaren 6ra arte egongo da zabalik. Izena emateko, Udalaren webgunean horretarako den inprimakia bete behar da. Horrez gain, inprimaki hori Castaños eraikineko Berdintasun Sailean ere eskutik eskura entrega liteke, edo eskaneatu eta posta elektronikoz bidali berdintasuna@sestao.eus kontura.