Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak, Javier González de Durana erakusketaren komisarioak eta Ainara Martinez Matía La Encartada Fabrika-Museoko zuzendariak aurkeztu dute Gerardo D´Abraira marrazkilariaren lanak biltzen dituen aldi baterako erakusketa berria: Barreiatutako paisaiak.

Leixuri Arrizabalaga diputatuak aurkezpenean azpimarratu duenez, "erakusketaren bidez, D’Abrairaren lan guztiak leku bakarrean bildu doguz lehen aldiz". Arrizabalagak azpimarratu duenez, "erakusketa hau edo La Encartada bera berreskuratzearen eta zabalkundearen adibide dira. Gure lurraldearen oroimena bizirik manteniduten laguntzen daben elementuak dira, barriro be Bizkaiko Foru Aldundiak industria-ondareagaz dauan konpromisoa barritzen dabenak, gure historia babesteko daukien garrantzia autortzen baitau.

Erakusketak ezagutzera emango du Gerardo D´Abraira marrazkilariaren lana. Artista bilbotar horrek 1940ko eta 1950eko hamarkadetan irudikatu zuen Euskal Herriaren indar industriala, tintaz eta akuarelaz egindako aireko bistak baliatuz, betiere paperezko euskarri handietan. Dokumentalista zorrotza zen D´Abraira, eta, fabrika-instalazioen funtsa atzemateaz gain, mailarik goreneko profesionala zela erakutsi zuen, agerian uzten dutenez haren teknikaren zehaztasunak eta lerroaren, kolorearen eta xehetasunen tratamenduaren sotiltasunak erabiltzeko eraginkortasunak.

Erakusketak hogei marrazki baino gehiago biltzen ditu, enpresen airetiko bistak jasotzen dituztenak: batzuk euskal enpresenak dira (Bizkaiko Labe Garaiak, La Conchita, Sarralde, J. J. Krug, Safesa, Unceta eta Productos Vulcanizados), eta beste batzuk, berriz, Euskaditik kanpokoak (Fabril Sedera (Burgos), Metalúrgica del Tormes (Salamanca), Lino Enguídano (Valentzia) eta Bertrand i Serra (Manresa). Harridura eragiten duten obrak dira, bai tamaina handikoak direlako eta bai zehaztasun handiko teknikaz eginak direlako, argazkiak balira bezain xeheki agertzen dira-eta haietan eraikinak.

Gerardo D´Abrairaren lan bikainak lortutako ospea dela eta, penintsulako beste industria-eremu batzuetatik ere deitu zioten mota horretako irudiak marraz zitzan; izan ere, halakoak ezin lor zitezkeen aireko argazkien bidez garai haietan. Nolanahi ere, 60ko hamarkadatik aurrera, airetiko argazkigintzak zokoratu egin zuen azkenean D’Abrairaren modukoen lana: industria modernoaren esparruan, eskulana, artea, marketina eta ikusizko komunikazioa uztartzen zituen lanbide bat.

D´Abrairaren asmoa ez zen marrazkien bitartez bere burua artista sortzaile gisa aurkeztea, baizik eta fabrika-instalazioetako dokumentalista leial eta zehatz gisa agertzea beren zerbitzuak behar zituzten enpresen aurrean. Hala ere, haren lerro eta trazuen araztasunak, xehetasunen muturreko errealismo zoragarriak, kolorea sinesgarriro erabiltzeko modu eraginkorrak eta giro liluragarri leunak agerian uzten dute mailarik goreneko ezaugarrien jabe zen profesionala dugula.

Lau esparrutan egituratu da erakusketa, D´Abrariaren ibilbide nabarmena deskribatzeko. Lehenengo eremuan, bere marrazkietarako nahien zituen paper neurri zehatzak nabarmentzen dira, neurrion aukeraketan eragina baitzeukaten, batetik, lanak enkargatzen zizkioten enpresek berek eta, bestetik, tamainak eta kolorea sartzeak berekin dakarten kostua. Bigarren eremuak D´Abrairaren hedapen geografikoa aztertzen du, hasi Bizkaiko enpresentzat egin zituen lehen lanetatik eta beste lurralde batzuetatik handituz joan zitzaion eskaeraraino, askotariko lanak barnean harturik, izan airetiko ikuspegiak nahiz eskaera zehatzagoak. Hirugarren eremuan, haren lanak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo jaso zuen errekonozimendua izango da ardatz, eta, zehazki, Burgosen, Salamancan, Alacanten eta Bartzelonan izan zuen balioespena. Bereziki azpimarratzen da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko enpresek arreta handiagoz kontserbatu zituztela haren obrak. Azkenik, laugarren eremuak D´Abrairaren obren hedapena eta galera jorratzen ditu, nabarmenduz enpresek zenbat argazki-erreprodukzio zabaldu zituzten eta nola gertatu zen jatorrizkoetariko batzuk galtzea. Oro har, lau eremu horiek ikuspegi osoa eskaintzen dute D´Abrairaren lanak teknikari, geografiari eta zabalkundeari loturiko hainbat alderditan izan duen eraginaren eta bilakaeraren berri jakiteko.

La Encartada Fabrika-Museoak gonbita egin nahi die historiaren eta artearen zale guztiei erakusketa liluragarri hau esplora dezaten hemendik eta uztailaren 7ra arte.