Egoitz Etxeandia irakasle zornotzarrak ez du erraz ahaztuko azken urtea. Izan ere, urte benetan berezia bizitzeko aukera izan du. Betidanik nabarmendu izan da bere hezkuntza-bokazioagatik eta alderdi ekintzaileagatik, hainbat proiektu solidario eta ekonomia zirkularrekoak bultzatuz, eta 2021ean estatu mailako Urteko Irakasle Ekintzailearen saria ere jaso zuen. Azken zortzi urteotan, Lauaxeta Ikastolako ekonomia, business eta matematikako irakasle izatetik Teach For All eta Harvardeko unibertsitateko proiektu baten gidari izatera igaro da, eta horri esker esperientzia ahaztezinak bizi izan ditu. Batzuk aipatzearren, Nazio Batuen Batzar Nagusian parte hartzea eta COP28ra joatea. Bietan, nola ez, “hezkuntzaren etorkizunari buruz hausnarketa sustatzera”.

Klima-aldaketak eragin handia du hezkuntza esparruan.

37 urteko zornotzarrari Teach For All eta Harvardeko Unibertsitatearen arteko ikerketa lan bateratuan parte hartzeko aukera eman zitzaion. Ikerketa honek Harvardeko LabXchange STEAM herraminta – eta Teach For All-ek sortutako metodologia lotzen ditu, eta hiru hilabeteko hautaketa-prozesua gainditu ondoren, bera aukeratu zuten.

Eta etxetik lan egiten duen arren, azken urtean hainbat aldiz bidaiatu behar izan du atzerrira. Lehenengo bilera Oporton izan zen joan den maiatzean. “Han hezkuntzaren inguruko metodologiak jorratu ziren, eta Nazio Batuen Erakundeko hezkuntza-arduradunetako batekin egotea egokitu zitzaidan eta hezkuntzaren zereginari buruzko nire ikuspuntua gustatu zitzaion. Handik gutxira, irailean New Yorken egin zen Nazio Batuen Batzar Nagusian hezkuntzaren garrantziaz eta etorkizunaren paperaz hitz egiteko aukera izan nuen”, ilusioz gehitu du.

Cop28

Gauzak horrela, azaroaren 30etik abenduaren 12ra Dubaiko COP28ko klimaren goi-bilera egin zen, eta zornotzako irakasleak ere bertan parte hartzeko aukera izan zuen.

Komunikabideetan zabaldu zen akordioaren arabera, erregai fosilak 2050erako uzteko “trantsizioa” onartu da, baina klima-aldaketak eragin handia du beste esparru batzuetan ere, hezkuntzan esaterako. “Une honetan 62 milioi haur daude mundu osoan eskolara joateko eta hezkuntza jasotzeko eskubidea galdu dutenak edo 3 urteren buruan galduko dutenak; uholdeengatik, lehorteengatik, tornadoengatik, eta horietatik %20 ez dira inoiz eskolara itzuliko. Horrekin argi dago klima-aldaketak eragin handia duela hezkuntzan, eta nork eraldatu beharko du gizartea 2050ean? Orain eskolan dauden ikasleak dira eta hauei hezkuntzarako eskubidea ukatzen badiegu, landu beharreko gai baten aurrean gaude”, argudiatu du.

COP28an hezkuntzaren etorkizunari buruz hitz egin zuen.

Klima-aldaketaren eta hezkuntza berdearen arteko ibilbidea eztabaidatzea aurrerapena izanik, gaur egungo erronka etorkizuneko hezkuntza nora doan eta nora joan beharko lukeen finkatzea dela uste du Etxeandiak. “Ehunka urte daramatzagu hezkuntza-sistema berarekin, eta duela 200 urte hezkuntzaren helburua guztiz desberdina zen gizarteak gaur egun eskatzen duenarekin alderatuta. Gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ere irakasle profil asko orduko sistemako irakasleak dira eta irakasle rola edo profil eraldatzailea behar da”, defendatu du.

Nola edo hala, hezkuntzari buruzko kontzeptu eraldatzaile eta ekintzaileak garatzen jarraituko du, eta ibilbide horretan guztian argi du azken urtean bizitakoa ez zela posible izango bikotekideak emandako babesik gabe. “Hiru seme-alaba ditugu eta Anek lanaldi-murrizketa bat eskatu zuen ni proiektu honetan zentratu ahal izateko; ibilbide honetan izan duen papera eta pazientzia ere ezinbestekoa izan da”, eskertu du Etxeandiak.