Joan den ostegunean, urtarrilaren 11n, Elorrioko alkate Julene Lazkanok herriko liburutegiak antolaturiko orri-markagailu eta mikroipuin lehiaketen irabazleei euren sariak entregatu zizkien Iturri Kultur Etxean egindako ekitaldian. Xabat Murgoitio eta Jone Iribecampos dira, hurrenez hurren, aurtengo irabazleak.

Orri-markagailu lehiaketak badauka lehendik ere tradizioa Elorrion eta, pentsatzekoa zenez, parte hartzaileek ez dute hutsik egin: 100 lan aurkeztu dira guztira. Mikroipuin lehiaketa, berriz, lehenengoz egin da 2023an eta erantzunak harrituta utzi ditu antolatzaileak, 104 lagunek aurkeztu baitituzte beren kontakizun laburrak.​

Hala uzta oparoa eta parte-hartze esanguratsua izan dute Elorrioko liburutegiaren sormen-lehiaketek.​

Askotariko orri-markagailuak

Askotariko teknikak erabili dituzte orri-markagailu lehiaketako parte-hartzaileek, hala nola collagea, tinta, diseinu-digitala edo argizaria.​

Lehenengo saria 12 urteko Xabat Murgoitio Gallastegik irabazi du. Bere teknika mistoko lan abstraktuari originala eta bizia iritzi dio epaimahaiak, eta irudian jaso duen leloa (“liburu batek unibertso bat dakar”) zein berau integratzeko modua azpimarratu ditu.​

Lehenengo saria 12 urteko Xabat Murgoitio Gallastegik irabazi du. Bere teknika mistoko lan abstraktuari originala eta bizia iritzi dio epaimahaiak, eta irudian jaso duen leloa (“liburu batek unibertso bat dakar”) zein berau integratzeko modua azpimarratu ditu.

100 mikroipuin baino gehiago

Mikroipuin lehiaketan, berriz, 12 eta 18 urte arteko 104 gaztetxok hartu du parte. Gehienak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleen lanak izan dira eta, generoari dagokionez, oso parte-hartze orekatua izan da.​

Irabazlea 15 urteko Jone Iribecampos Berriozabal izan da, Mezua lanagatik. Epaimahaikideek azpimarratu dutenez, “trebetasunez idatzitako mikroipuina aurkeztu du, tentsioa mantenduz, gaur egungo harremanen eta komunikatzeko moduen berri zintzotasunez ematen duena”. Aipamen-berezi bi izan dira, halaber: Malen Larrañaga Suberbiolaren Garbitzailea, umore beltza baliatzen duen aldarrikapen odoltsua, eta Udane Marcos Igartuaren Eta horregatik nago hemen, gabon-ipuin krudela.​

Bateko zein besteko irabazleek eReader bana jaso dute; gainontzeko sarituek, ostera, liburutarako erosketa-txartelak. Pozik saridunak, beraz, eta pozik antolatzaileak, halako ekimenek herriko haur eta gazteek liburutegiarekin duten lotura estutzen laguntzen dutela jakitun.​

XXVIII. Irakurketa Lehiaketa​

Astelehenean, hilak 15, Irakurketa Lehiaketaren sari banaketa egingo dute liburutegian. Amaia Egidazuren kontakizunen artean egingo dute saioa, eta parte-hartzaile guztiak daude gonbidatuta. Gainera, denek jasoko dute saritxoren bat. Hitzordua 17:00etan izango da Iturri Kultur Etxeko areto nagusian. ​