Síguenos en redes sociales:

Kirol-eskaintza zabala prestatu du Elorriok 2024rako

Herritarren artean kirola egitea izango da Elorrioko Udalak hastear dagoen 2024an martxan jarriko duen lehenengo erronketariko bat. Horretarako, urtero bezala, ahalik eta tarifarik lehiakorrenak prestatu egin ditu urte berrirako. Hala, tarifa berriak argitaratu egin ditu dagoeneko, bai kiroldegiko instalazioetarako abonoei buruzkoa, bai bertan garatzen diren jarduerei buruzkoa. Online bertsio dagoeneko kontsultatu daiteke eta datozen asteetan banatuko da etxez etxe.

Ohiko moduan abono ezberdinak egongo dira eta hainbat deskontu aukera jasotzen dira. Abonoez gain, eguneko zein hamar eguneko sarrera aukerak ere aurreikusten dira, baita, frontoia, pista eta squasha alokatzea.

Ikastaroetan ere, astean egun bakarra edo bi egiteko tarifak zehaztu dira, bazkide izan zein ez. Halaber, Elorrioko kiroldegiko bazkideek Mugiment Kirol Txartela lortzeko aukera izango dute, eta, ikasleek EHU kredituak eskuratu ditzakete ikastaroetan parte hartuz.

Kirola, energia iturri

Kirola egitea “eguneroko bizitzarako energia iturria” dela azpimarratu dute kirol sailetik, eta Elorrioko Udalak adin guztietako herritarrak animatu gura ditu kiroldegiko zerbitzuak erabiltzera.

Kiroldegiak aukera zabala eskaintzen du, guztien behar eta gustuetara egokitzeko, hala nola, igerilekuan igeri eginez, fitness aretoan ariketak eginez, kiroldegian ematen diren jardueretan parte hartuz, Elizaldeko igerilekuetan udako egun bat gozatuz edo boulder berri probatuz.

Hain justu, urrian inauguratu zen boulderra herritarren eskaerei erantzunez diseinatutako kirol espazio berria da.