Diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatu Teresa Laespadak Urinsayako komunitatea bisitatu du, Cuscoko Departamenduan. Bertan, Bizkaiko foru-erakundearen garapenerako lankidetzako ekintza bat garatzen ari dira 2018tik hona (Kulturaren Sozial Berrikuntza Erakundea - KSBEren eta Cáritas Cuscoren bidez).
Ekintza hau garatzen ari den komunitatean 739 pertsona daude, eta erdiak emakumeak dira. Emakume horietatik, hamarretik seik ez dute hezkuntza-mailarik; hamarretik zortzi adinekoak dira eta eskolagabeak, eta kitxuaz baino ez dute hitz egiten.
Laespadak azaldu duenez, «egoera horri gehitu behar zaio emakumeek beren familiez arduratu behar dutela askotan, gizonek abandonatu egiten dituztelako edo meatzeetara lanera joaten direlako, baina horrek ez du esan nahi komunitatearen barruan lidergo handiagoa lortzen dutenik».
Laespadak nabarmendu du, halaber, garapenerako lankidetzako ekintza hau 2018tik egiten ari direla, ondoz ondoko hiru proiekturen bidez (2018, 2020 eta 2022), eta guztira 360.000 euroko inbertsioa egin dela. Beraren ustez, «inbertsioa berrituz eta proiektuek hazten jarraitu dezaten aukera emanez, areagotu egiten da garapenerako lankidetzak arrakasta izateko gaitasuna». «Apustu egiten dugu ibilbide luzeko garapenerako lankidetzaren alde», gaineratu du.
Zehazki, gaur egun antolakunde komunalean ari dira lanean, emakumeek beren eskumenak eta eskubideak indartu ditzaten. Gainera, gizonen maskulinitate arduratsuen aldeko esku-hartzeak garatzen ari dira.
Nekazaritza-ekoizpenari dagokionez, ekonomia solidarioa bultzatzen ari dira, produktu ekologikoak merkaturatuz, bai eta uraren gobernantza egokiagoa eta klima-aldaketarekin koherenteagoa dena ere.
Goi-bilera
Laespadak Landa-eremuko Emakume Agintarien Nazioarteko II. Goi-bileran ere parte hartu du, Cuscon. Bizkaiko Gizarte Kohesioa Sustatzeko zuzendari Natxo Rodríguezekin eta Burgeluko (Araba) alkate eta EUDEL - Euskadiko Udalen Elkarteko Zuzendaritzako kide Natividad López de Munainekin joan da goi-bilera horretara.
Landa-eremuetako emakume liderren bigarren goi-bilera honek aipatutako euskal agintarien ordezkaritza izan du, Peruko, Kolonbiako edo Boliviako beste agintari batzuekin batera. Topaketaren leloa honako hau da: «Tokiko emakumeen aurrerapenak eta irismenak beren kudeaketa politikoan».
Landa-eremuko emakumeak ahalduntzeko proiektu baten barruan kokatu behar da goi-bilera, Zabalketa Elkarteak eta Cáritas Cuscok sustatua eta Nazioarteko Lankidetzaren Euskal Agentziak (NLEA) kofinantzatua; Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza ere badu. Gainera, haren helburua da erabaki-esparru desberdinetako tokiko/eskualdeko emakume agintarien arteko interakzioaren eta esperientzien balioa nabarmentzea, hainbat herrialde eta indigenen herrirekin konektatuta; beraz, Landa Inguruneko Emakumeen Nazioarteko Sarearen jardueren parte ere bada.