Urtero bezala, Bizkaiko Foru Jauregiak Lauaxeta sarien gala jaso du. Ekitaldi honetan estreinatu egin dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Elixabete Etxanobe, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua, Leixuri Arrizabalaga.

Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua bereziki Bizkaian eta oro har munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea da, merezimendu handiko jarduera horiek sarituz eta hedatuz, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.

Bizkaiko ahaldun nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiak euskara eta bere nortasun kulturala indartzeko duen konpromisoa azpimarratu du. Egun garrantzitsua da Foru Aldundiarentzat, euskara indartzeko konpromisoa duen erakundea garelako. Etxanobek nabarmendu duenez,  nortasun propioa duen eta bere kultura-ondareaz eta hizkuntzaz harro dagoen gizarte hau eraikitzeko egin duzuen ekarpenaren aitortza egitea da sari honen asmoa, eta hala jasotzea espero dut. Lauaxeta Sariak horixe dira; jasotako ondarea indartzeko eta transmititzeko konpromisoaren aitorpena. Gure euskara.

Etxanobek, halaber, euskarara hurbiltzeko deia egin dio gizarteari, pertsona guztiei, jatorria edozein dela ere. Guztioi dagokigu ahalegin horretan laguntzea. Lauaxeta bezalakoen ereduari jarraitzea; euskararen, kulturaren eta hezkuntzaren aldeko konpromisoaren adibide bikaina, gaineratu du.

Hemeretzigarren edizio honetan Jon Enbeitak jaso du 2023ko Lauaxeta Ohorezko Saria, bertsolari, idazle eta baita kantari legez ere egindako ekarpen aberatsagatik.

Beste alde batetik, Libe Goitiak eta Angel Errok Poesiako Lauaxeta Saria jaso dute, euskarazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko ematen dena.

Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Libe Goitiak jaso du, 'Fast Fatum' poema-bildumagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenaren arabera, lehen liburua heltzen den askotan helburuak berak lausotu egiten du obra bera; alegia, lehenengo liburua argitaratzea bihurtzen da xede nagusi eta bigarren mailan geratu ohi da liburuak barnean dakarrena. Ez da hori Libe Goitia Artetxeren Fast Fatum lanaren kasua; izan ere, idazleak une oro argi dauka zer den esan, kontatu eta iradoki gura duena, lehenengo liburua izanagatik ere. Apurka-apurka idatzi ahala gardentzen doan ardatz baten bi aldeetan aurki daitezke surrealismoaren arrastoa eta egunerokoaren iruditeria; Nietzsche eta Hölderlin daude alde batean, eta Sufjan Stevens eta Lorde musikariak bestean; tradizioa eta adierazpide garaikideak ere bai. Dena modu antolatuan nahasi du idazleak edo, bestela esanda, nahasia modu ordenatuan erakutsi du. Borondatezko ekintza izan da bere kasuan: obra garatu du eta gero ondu du liburua.

35 urtetik gorakoen kategorian Angel Errok 'Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—' poema-bildumagatik jaso du poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu duenez, zehazki hamazazpi urte igaro dira Angel Errok azken poema-liburua argitaratu zuenetik (Gorputzeko humoreak, 2005) eta hogei lehenengotik (Eta harkadian ni, 2002). Orduan, hasiera-hasieratik oso identifikagarria zen ahotsa eraiki zuen eta jarraipena baino ez dio eman ia bi hamarkada geroago: hemen dira ohiko idazkera landua, lumaren fina, patxada, zehaztasuna eta poesiaren edertasuna, azken batean. Maitasuna edo maitasunak, alegia, norbaiten edo zerbaiten alderako atxikimendua duen joera edo sentimena, nabarmentzen da edo dira liburuko gaien artean, baina bereziki azpimarratzekoa da amarekin bizi eta erakusten duena. Poesia irakurtzeko jarraibide esplizituak espero dituenak ez ditu liburuan hala-hala aurkituko; bai, aurkituko ditu, ordea, idazle honen lana irakurri ahala, Angel Erroren edozein liburu delako poesia maite duenarentzat jarraibide bat.

Oier Plazak 'Memoria Lurperatuta' dokumentalagatik jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, Erorien Haranean hilobiratuta dauden euskal jatorrizko 1.234 lagunen familiarren ezintasunarekin bat egiteko bidea ematen du Memoria Lurperatuta dokumentalak. Ikus-entzuleok eskutik helduta eramaten gaitu deshobiratze-prozesu konplexuaren bitartez. Bide luze horretan senitartekoek oztopoak baino ez dituzte topatu. Gainera, dokumentalak ongi adierazten duen moduan, gaur da eguna —oraindik ere eta errekurtsoak tarteko— non beraien nahia ez duten lortu, nahiz eta laguntza profesionala eta instituzionala izan, Gogora Institutuarena, edota, nazioarteko begiraleek lagunduta, Pako Etxeberria forentsearena eta bere taldearena. Egoera hunkigarria bai, baina, aldi berean, itxaropentsua deskribatzen du dokumentalak. Gazteen belaunaldiak ere protagonismoa du euren konpromiso argiarekin. Agertzen dira bai, familiarrekin batera adierazteko, zailtasunez-zailtasun, hilobiratuak etxera ekartzeko borrokari eutsiko diotela.

Aurtengo edizioko sari banaketara bertaratutakoek ESASen (Emakume Sortzaile Eta Artisten Sarea) emanaldiez gozatu ahal izan dute.

Bizkaiko Foru Jauregian egin den ekitaldian, Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.