Iturrin ikusi ahal izango da gaurtik hasita eta abenduaren 5era arte 1983ko abuztuaren 26an Euskal Herria gogor kolpatu zuen euriteak eragindako uholdeei buruzko erakusketa. Ekimen hau Laumunarrieta elkartea, Elorrioko Argazkigintza taldea eta Elorrixa ekologia taldeari esker bildu ahal izan da.

Bilbo eta Nerbioi ibarra izan ziren gunerik kaltetuenak, baina ez bakarrak. Uholdeek kalte handiak eragin zituzten Elorrion ere, eta aurten, gertaera hartatik 40 urte igaro direnean, memoria ariketa bat egin gura izan dute herriko hiru elkartek.

Laumunarrietako Mila Villa Gallastegik azaldu du elkarlanean gaia mugitzen hasi zirenean orduko hainbat argazki biltzea lortu zutela, eta Bilboko Bidebarrieta liburutegiko hemerotekara jo zutela segidan: “La Gaceta del Norte eta El Correon argitaratutako artikulu batzuk hartu genituen, non herri kaltetuen artean Elorrio ere aipatzen zuten. Udaleko akta liburuetan ere begiratu dugu, osoko bilkuretan jasotakoak jakiteko; kalteei erantzuteko ezohiko plenoak egon baitziren hurrengo egunetan. Eta noski, kalteordainen eskaera asko egin zituzten herritarrek”.

Idatzi eta dokumentu grafiko horiek bildu, eta erakusketa bat ireki dute Iturrin, abenduaren 5era arte. Gainera, artxiboa elikatzen jarraitu nahian, herritarren ekarpen berriak jaso nahi dituzte, eta, horretarako, telefono zenbaki batzuk jarri dituzte erakusketan bertan harremana bideratzeko.

Gaiarekin lotutako berriketaldi eta hitzaldi bana ere antolatu dute. Lehenengoa hilaren 29an izango da, asteazkena, 19:00etan, Iturriko areto nagusian: “Orduko protagonistak batuko ditugu, kaltetuak, udal ordezkariak, laguntzaileak, argazkilariak… Eta bakoitzak bere bizipenak kontatuko ditu: zer egin zuten, non zeuden, gertukoen erreakzioak… halako oroitzapenak”. Bigarrena, berriz, hurrengo egunean, hilaren 30ean, ordu berean, erakusketa gelan izango da; bertan klima aldaketa eta uholdeen arteko loturari buruz jardungo du Iñigo Urrutikoetxeak.

Villak honako testigantza utzi du, uholdearen ostean herrian halakorik berriz ez gertatzeko aldaketak egin zirela nabarmenduz: “Zumelegi ibaia bideratzeko eta herrigunea berrantolatzeko neurriak hartu ziren. Gogoan dut plaza ondoko aparkalekua lorategi bat zela lehen. Horma handi batekin zegoen babestuta eta erori egin zen uholdeengatik. Segurtasunagatik, bota egin zuten horma osoa. Era berean, plazatik kiroldegira doan Urkizu kaleko bidea asko zabaldu zuten”.