Arrakasta handia izan dute Abadiñoko aurrekontu partehartzaileek bere lehenengo fasean, non Udalak 509 proposamen jaso dituen, aurreko edizioan baino 300 gehiago. Orain, udal teknikariek horietako bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko dute, herritarren esku jarriko den proiektuen zerrenda zehaztu eta 2024ko udal aurrekontuan sartuko diren proiektuen azken aukeraketa egiteko.
Abadiñoko bizilagunek azaroaren 1era arte izan zuten udalerria hobetzeko euren proposamenak aurkezteko aukera, Aurrekontu Parte-hartzaileen partidaren kontura. Tresna horren bidez, tokiko administrazioak herritarrek euren herriak behar dituen inbertsio eta proiektuen zati bat definitzea bilatzen du.
"Pozik gaude parte hartzea oso handia izan delako, eta hori da helburua, herritarrak inplikatzea eta Abadiño hobea egiteko iradokizunak helaraztea. Orain horiek aztertzea eta bozkatu ahal izango diren proiektuen zerrenda osatzea dagokigu, baina ekarpen guztiak kontuan hartuko ditugu modu batera edo bestera erantzuten saiatzeko. Aldi berean, lanean jarraitzen dugu aurreko prozesuaren agindua betetzeko eta Traña-Matienan komun publikoak instalatzeko”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Guztira, 300 galdetegi jaso dira paperean edo udalaren webgunearen bidez. Partehartze handiena emakumeei dagokie, guztizkoaren % 58a izan direlako. Proposamenei dagokienez, gehienek (321) hirigintza-arloarekin dute zerikusia. Hala, hiri-altzariak hobetzea, aparkalekua handitzea eta autokarabanentzako aparkaleku bat egokitzeko aukera, argiteria publikoa hobetzea edo espaloien eta galtzada-harrien egoera hobetzeko beharra aipatzen dira.
Proposamen gehien jaso dituen bigarren multzoa ingurumen-arloa da (77). Bertan, San Martin pasealekua, estolderia edo Muntsaratzeko parke estalia garbitzeko lanak indartzea, auzo nagusietan puntu berdeak instalatzea eta edukiontziak mugikortasun urriko pertsonentzat egokitzea eskatzen da, besteak beste.
Kirol arloak, halaber, udalerrian egin daitezkeen instalazioei buruzko proposamen ugari biltzen ditu, skate park bat edo rokodromo bat, besteak beste, egungo instalazioak birdimentsionatzeaz gain, dagoen eskaerari erantzuteko. Azkenik, hain ugariak ez diren arren, ume eta nerabeentzako kultura-eskaintza hobetzea edo adinekoen zentroak hobetzea aipatzen duten beste proposamen batzuk daude.
Proposamenak era guztietakoak izan zitezkeen, baina kontuan hartu ahal izateko, udalaren eskumenekoak izan behar dira, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta jasangarriak. Gainera, interes orokorra eta lurralde-oreka lehenetsiko dira. Obren kasuan ezin izango dituzte 50.000 euroak gainditu eta zerbitzuen kasuan 15.000 euro (BEZa barne), eta ezingo dute espazio pribatuetan eraginik izan. Hala ere, prozesuaren muga ekonomikoak gainditzen dituzten proposamenak egin ahal izango dira, eta 2024ko udal-aurrekontuak egiteko prozesuan Ogasun Batzordeak kontuan har ditzan balioko dute.