Duela lau urte, 2019an, berreskuratu zuen udalerriak Zornotzako Musika Banda, eta ordutik hainbat denboraldi aurkeztu dituzte hari gidari desberdinekin. Oraingoan, Bitartean artea tarteko denboraldi berriari ekingo dio eta estreinaldiko kontzertua larunbat honetan, urriak 21, izango da Amorebieta IV pilotalekuan gaueko 22.00etan. “Aurtengo denboraldiak artea espazioaren eta denboraren arteko lotura gisa aurkeztu nahi du; hau da, artea espazioa eta denbora ulertzeko baliagarria dela erakutsi nahi dugu. Bai banda gisa eskainiko ditugun kontzertuetan, baita gonbidatu bereziekin ere; mendeurrenak, omenaldiak eta herritarren kolaborazioak bezalako gaiak jorratuko ditugu”, adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan Aritz Labrador Zornotzako Musika Bandako zuzendari eta presidenteak.

Izan ere, 2023-2024 denboraldi berriaren aurkezpen ekitaldian, ohiko kontzertuez gain; hau da, Santa Zeziliaren omenez, jaietan eta inauterietan, bost kontzertu berezi eskainiko ditu. Zentzu horretan, Ainhoa Salterain alkateak Amorebieta-Etxanok Musika Banda propioa izatearen garrantzia azpimarratu zuen, “taldekide bakoitzaren dedikazioa eta konpromisoa” kontuan izanda eta gogorarazi zuen “musika hizkuntza unibertsala da, pertsonak batzen dituena eta gure eguneroko bizitza aberasten duena. Eta hori areagotu egiten da emanaldi horiek eskaintzen dituzten pertsonak zornotzarrak badira, gure udalerriko bizilagunak badira. Zornotzako Musika Banda gure herriak musikarekiko eta artearekiko duen konpromisoaren sinboloa da”.

BOST EMANALDI

Bitartean artea tarteko denboraldiaren lehenengo kontzertua, larunbateko Euskal Jaiaren programazioaren barruan antolatu da eta Iparragirre: 200 urte tarteko izenburupean, Gontzal Mendibil eta Zornotzako Abesbatzak izango ditu lagun.

Bigarren kontzertua abenduaren 23an izango da, 20.00etan, Zornotza Aretoan, Bitartean Folk taldearekin batera. Bertan, Zornotzako Musika Bandarekin batera zortzi pieza jo egingo ditu talde gonbidatua eta propina gabon-folklorikoa eskainiko dute amaieran.

Neguko etenaldia eta gero, hirugarren kontzertua martxoaren 2an izango da, eta musika bandaren haize-doinuak ardatz izango ditu. “Saxofoiaren errepertorioaren hiru obra esanguratsu aurkeztuko ditugu: Glazunoven kontzertua, Iturralderen Pequeña Czarda eta bukatzeko Milhaud konpositore frantsesaren Scaramouche birtuosoa”, aurreratu zuen Labradorek.

Laugarren emanaldia Bitartean... Rock Eztanda! izango da eta hain zuzen ere Eztantap izango da talde gonbidatua. Kontzertua maiatzaren 4an izango da eta Zornotzako Musika Bandak, herriko talde eta elkarteekin daukan harremana eta konexioa sendotzeko balioko du. Kontzertuaren lehen zatian rock sinfonikoa landuko du bandak eta bigarren erdian, Eztandap taldearen sei abesti aurkeztuko ditu bandak bertsio sinfonikoan estreinakoz.

Amaitzeko, jaietan, Zornotzako Musika Banda Bilboko Koral Elkartearekin eta Abes Kimu Koralarekin batera arituko da, Carmina Burana izenburupean. “Aurtengo denboraldiari bukaera emateko jaietan murgildurik, kontzertu sinfoniko-korala aurkeztuko dugu, Bilboko Koral Elkartearekin eta Zornotzako Abes Kimu abesbatzarekin”, laburbildu zuen zuzendari gazteak.

Denboraldi berria

Zornotzako Musika Banda. ‘Bitartean artea tarteko’ izenburupean Zornotzako Musika Bandak denboraldi berria aurkeztu zuen atzo. Ohiko kontzertuez gain, bost emanaldi berezi izango dira.

Urriak 21. Lehenengo kontzertua, Euskal Jaiaren programazioaren barruan antolatu da eta Gon-tzal Mendibil eta Zornotzako Abesbatzak izango ditu lagun. Hurrengo kontzertuak abenduaren 23an, martxoan, maiatzean eta uztailean izango dira.