Urrian zehar eta 2023ko Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan hainbat jarduera ezberdin antolatzen ari dira eskualdean eta Amorebieta-Etxanoko Udalak Ondare bizirik! lelopean egitasmo honen baitan antolatutako ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo. Ainhoa Salterain alkateak azaldu zuen moduan, Bizkargi Egunarekin lotutako bi jarduera izango dira, “biek Amorebieta-Etxanoko kultur ondarearen zati baliogabe bat nabarmentzea eta babestea izango dute helburu”. Gauzak horrela, Bizkargiko Eguna: atzotik gaurkora dokumentalaren emanaldia urriaren 26an proiektatuko da eta ondoren, mahai-ingurua izango da parte-hartzaileekin batera. Era berean, Zelaieta Zentroan erakusketa bat egongo da urriaren 16tik 27ra bitartean, gaiarekin lotutako hainbat dokumenturekin.

Prentsaurrekoaren hasieran, eta dokumentalaren emanaldiari dagokionez Labayru Fundazioarekin elkarlanean gauzatu da eta Bizkargi Eguna urteetan zehar ospatzearen jatorria eta bilakaera jasotzen ditu. “Bizkargiko erromeriak aldaketak izan ditu bere historian zehar, eta garai berrietara egokitu da. Halaber, gune estrategiko hau markatu duten gertaerak jasoko dira dokumentalean”, azpimarratu zuen Salterainek.

Era berean, gehitu zuen “dokumentalaren proiekzioaren ondoren, mahai-inguru bat egingo dela, hainbat pertsona protagonista izango dira bertan. 21:30ean hasiko da, eta aukera paregabea izango da Bizkargiko erromeriaren historia eta garrantzi kulturala sakonago aztertzeko”. Prentsaurrekoan Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioaren izenean, Bizkargiko eguna: atzotik gaurkora dokumentala aurkeztu zuen eta adierazi zuen “jaiaren historia aberatsa ardatz duen ekoizpen bat da, eta ospakizun bakar honen bilakaera eta garrantzi kulturala partekatzea du helburu”.

Bestalde, dokumentalaz gain erakusketa bat ere egongo da Zelaieta Zentroan urriaren 16tik 27ra. “Erakusketa horrek aukera emango die herritarrei Bizkargiko erromeriarekin zerikusia duten dokumentuak xehetasunez aztertzeko”.