Aste honetatik aurrera, Derioko biztanleek euren bizikletak modu seguruan aparkatu ahal izango dituzte herrian, Bizkaiko Foru Aldundiak instalatu berri duen BiziParkari esker. Aparkalekua tren-geltokiaren eta Bizkaibuseko zenbait geltokiren ondoan kokatuta dago.

Esther Apraiz alkateak nabarmendu duenez, bizikletentzako aparkaleku berri honekin Udalak eta Aldundiak toki segurua, kontrolatua eta zaindua eskaintzen diete bizilagunei, bizikleta aparkatuta lasai utz dezaten. "BiziPark hau mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzeko Udalak duen konpromisoaren erakusgarri bat da. Zerbitzu honek, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, garraiobideen arteko intermodalitatea sustatzea du helburu, ibilgailu pribatuaren kaltetan", adierazi du Esther Apraiz alkateak.

Era berean, alkateak gogorarazi du Udalaren bizikletaren aldeko apustua Derion egiten ari diren hainbat ekarpenekin gauzatzen ari dela. Horren adibide dira kanpoko aparkalekuak (udaletxearen parean, Larrabarri Baserrian, kiroldegian, igerilekuetan, Kultur Birikan, futbol-zelaian, Uribe Parkean eta Eskola ondoan eraiki berri den aparkaleku estalia), bidegorri berrien eraikitzea eta daudenak hobetzea, hirigunean ZAP (ingurumen-eremu baketsua) sortzea, BiziPark zerbitzua (barruko aparkalekua) eta BiziPunto zerbitzua (bizikletak garbitzeko eta mantentzeko/konpontzeko instalazioa, frontoiaren ondoan).

Intermodalitatea

"Bizikletak Bizkaiko mugikortasunean leku nabarmena izatea nahi dugu; bakarrik edo beste garraiobide publiko batzuekin batera, herritarren ohiko joan-etorrietarako benetako alternatiba izatea, bai aisialdirako, bai eguneroko zereginetarako, lanera edo ikastera joateko, besteak beste", adierazi du Sonia Pérezek. "Eta, horretarako, udalekin elkarlanean, gaur Derion inauguratzen ari garen bezalako azpiegiturak bultzatzen ari gara, bizikletaren erabilera errazten dutenak eta mugikortasun aktibo eta osasungarria zein intermodalitatea sustatzen dutenak". Zentzu horretan, "BiziPark-Derio berriaren kokapen estrategikoa" azpimarratu du foru arduradunak, "tren geltokiaren eta Bizkaibuseko zenbait geltokiren ondoan".

"BiziPark sarea forma hartzen hasi da", azpimarratu du Sonia Perezek. "Ermuan eta Derion ez ezik, Portugaleten, Barakaldon, Gueñesen, Abadiñon, Bermeon eta Zallan ere dagoeneko eraikitzen ari dira bizikletentzako aparkalekuak, datozen hilabeteetan martxan egongo direnak Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailaren laguntzarekin. Lehenengo fase honetan, 490.000 euro bideratu ditugu ekimen horretara, eta etorkizunean ere zerbitzua Bizkaiko beste udalerri batzuetara zabaltzen jarraituko dugu".

Aparkalekuak 24 plaza, barruko argiztapen-sistema, gauzak segurtasunez gorde ahal izateko suaren aurkako segurtasuneko 6 armairu eta Derioko Udaltzaingoarekin lotutako kameren bidezko zaintza-sistema ditu. Gainera, aparkaleku honek eguneko 24 orduetan funtzionatuko du.

Tarifak eta erabilera-baldintzak

Bonuak edo tarifak 4 eurokoak izango dira hilabeteko; 10 eurokoak hiruhileko bakoitzeko; 20 eurokoak seihileko bakoitzeko eta 40 eurokoak urte osorako. Gutxienez 14 egunean behin erabili behar da, aparkalekua bizikletentzako gordeleku bihur ez dadin.

Kudeaketa-aplikazioaren bidez erregistratzen den 16 urteko edo gehiagoko edozein pertsonak erabili ahal izango du zerbitzua. 16 urtetik beherakoak euren tutorearen bidez erregistratuta egon beharko dira.

Erabilera-baldintzak onartu beharko dituzte, eta telefono mugikorreko zenbaki bat, helbide elektroniko bat eta bizi diren udalerria eman beharko dituzte. Derion zein udalerritik kanpo bizi direnak izan daitezke.

BiziParkeko zerbitzura sartu ahal izateko, lehenik eta behin eskaera bat egin behar da. Aurrez izena emateko epea zabalik dago jada www.bizipark.derio.eus webgunean, urriaren 15era arte. Zozketa (24 izen emate baino gehiago izanez gero) urriaren 17an egingo da eta urriaren 19an plazak erabiltzeko baimena jasotzen duen zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan. Zozketan baimenik lortu ez duten pertsonekin itxaron-zerrenda bat osatuko da zozketa horren ondoriozko ordenan. Zerbitzua urriaren 20an jarriko da martxan.

Bonu aktibo bat duen eta ordainketak egunean dituen erabiltzaile baimenduak BiziParkera sartu ahal izango du, baimena aktibatzeko unean jasoko duen QR kodea edo zenbakizko kodea erabiliz.

Sarbidetik eta aparkalekuko gune komunetatik bizikleta eskuan dela zirkulatuko da. Bizikletak giltzapetu egin beharko dira nahitaez.