Abuztuari amaiera eman eta irailari behar bezalako ongi etorria egiteko Antolin deuna jaiak antolatu dituzte aurtengoan Gautegiz Arteagan. Ohikoak diren ekimenek –tortilla eta paella txapelketak edota pilota partidak dira honen adierazgarri– eta garai berrietara egokitutakoek txokoa izango dute udalerrian, giro ezinhobea sortzeko aukera ematen dutenak.

Tabernazarre egunak emango dio hasiera egitarauari, datorren larunbatean –abuztuak 26–. Festetako lehen jardunaldia tortilla txapelketarekin ekingo diete arteagarrek, eguerdi parten. Sari banaketaren ostean –14:30etan ospatuko dena–, herri bazkaria egingo dute, Obieta aita semeek zuzendutako erromeriak girotuko dutena. Iluntze parterako mozorroakizango dira nagusi. Aurtengorako aukeratutako gaia 2000. urtea izango da. Egunari amaiera emateko Zirkinik Bez taldeak kontzertua eskainiko du 22.00etatik aurrera.

Antolin deuna festetako jardunaldi nagusiak abuztuaren amaiera eta irailaren hasieran helduko dira. Gazte Egunarekin adibidez, abuztuaren 31n ospatuko den egunean. Besteak beste, paella txapelketa izango da jardunaldi horretan. Izen ematea 12:00etara arte egin ahal izango da, aurkezpena 14:00etan egingo delarik. Sariak banatuta –14:30etan–, Herri bazkaria egingo dute goizari amaiera emateko. Arratsalde partean ere gozagarri ugari izango dira, tartean direlarik bertso saioa –Enare Muniategia eta Janire Arrizabalagaren eskutik– edota Txoriburu Produkzionsen emanaldiarekin. Azkenik, Zazpizar taldeak erromeria eskainiko du.

Bezpera egunean –irailak 1, ostirala– txupinazoari ekingo zaio arratsaldean –20:00etan–, Ariete dantza taldearen emanaldia eta Addar taldearen kontzertua izango dira. Eta Antolin deunaren egunean, festetako egun nagusian –irailak 2–, jaitsiera eta kalejira, apar jaia, pilota partiduak eta Joseina Etxeberria DJ izango dira. Festei agur esateko orduan helduko da hurrengo jardunaldian –irailak 3an–, baina oraindik eskuragarri izango dira hainbat ekimen, hala nola apar jaia, umeentzako jolasak lokotx biltze txapelketa, dantza bertikal ikuskizuna edota Haize Arrosa taldearen kontzertua.